Brexitaren ondoren nola bidaiatu Erresuma Batura?

Brexitaren ondoren nola bidaiatu Erresuma Batura? Brexitaren erreferenduma burutu eta hiru urtera azkenik, Erresuma Batua Europarengandik banandu da eta horrek ezinbestean turistengan eta bestelako bidaiariengan eragina izango du. Zer aldatuko da baina? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/brexitaren-ondoren-nola-bidaiatu-erresuma-batura/@@download/image/Bansky-Brexit-Dunk.jpg
2020/02/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Brexitaren erreferenduma burutu eta hiru urtera azkenik, Erresuma Batua Europarengandik banandu da eta horrek ezinbestean turistengan eta bestelako bidaiariengan eragina izango du. Zer aldatuko da baina?
Brexitaren ondoren nola bidaiatu Erresuma Batura?

Banaketa pasa den urtarrilaren 31ean burutu bazen ere, banaketarako trantsizio denbora otsailaren 1ean hasi zen eta abenduaren 31ra arte luzatuko da. Horrela, denbora tarte honetan orain arte egon diren eskubideak mantenduko dira izan turismorako edo lan bidaietarako.

Beraz, ez da beharrezkoa izango pasaportea? Roaming-a mantenduko al da? Zer gertatuko da larrialdi medikuren bat izaten badut bertan? Eta nire autoan banoa, seguruak babestuko al nau? Momentuz, Erresuma Batua trantsizio garaian dago urte amaierara arte, nahiz eta Londres eta Bruselak uztailaren 1a baino lehen negoziatu dezakete trantsizioa bi urte gehiagoz luzatzea. Aukera hau gerta litekeena da, izan ere Ursula Von der Leyen Europako exekutibo buruak adierazi du 11 hilabete ez direla nahikoa bi aldeen arteko harremanen inguruan negoziatzeko.

Hori dela eta, Europatik Erresuma Batura, edo alderantziz, bidaiatzen dutenek Brexitaren aurretik zituzten eskubideak mantenduko dituzte. Beraz, nortasun agiriarekin bakarrik bidaiatzen jarraitu ahalko da. Abenduaren 31atik aurrera ordea ikusi egin beharko, ea aurretik zer akordutara iristen diren bi aldeak bisaren erregimenen salbuespenak ezartzerako garaian egonaldi laburretarako. Zure maskotarekin bidaiatzen ere jarraitu ahalko duzu, beti ere mikrotxipa eta Europako pasaportea baditu eta txerto guztiak egunean.

2021. urtetik aurrera, Erresuma Batura doazen bidaiariak arau britainiarrei lotua egongo dira besterik negoziatzen ez baldin badute. Bertan gaixotuz gero bidaiariaren egoera ez da aldatzen eta osasun-estaldura eduki ahalko da, beti ere abenduaren 31ra arte, oraingoz bederen. Behin trantsizio garaia amaituta bi blokeen erabakien arabera aldatuko dira baldintzak.

Roaming-ari dagokionez ere, urte bukaerara arte mantenduko da gainkarguen ausentzia izan dei, mezu edo Internet datuetan. Azkenik, Erresuma Batua autoan bisitatu nahi baduzu jakin 2020an zehar zure ohiko gidabaimena onartuko zaizula.