Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria (#2Marketina)

Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria (#2Marketina) “Whiskey is for drinking; water is for fighting over” (Whiskia edateko da, ura aldiz borrokan aritzeko) Mark Twain. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/botilako-ura-urre-urdinaren-inguruan-eraikitako-industria-2marketina/@@download/image/iturria.jpg
2019/06/13

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

“Whiskey is for drinking; water is for fighting over” (Whiskia edateko da, ura aldiz borrokan aritzeko) Mark Twain.
Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria (#2Marketina)

Sofan eseri eta telebista piztu dut. Bat-batean, goxoki-indigestio baten pareko musika alai eta azukretsua entzuten dudan bitartean, pertsona osasuntsu eta lirain bat lasterka azaldu da pantaila zeharkatzen. Eguzki izpiek bere azal beltzarana nabarmentzen duten unean, geldialdi bat egin, izerdia garbitu eta kamerari begiratzen dion bitartean irribarre distiratsu bat egin du. Jarraian amets batetik irtenda dirudien botilako ur zoragarria edaten hasten da, ikusleari begi-keinu bat oparitzen dion bitartean... “Gazte mantendu”, “10 medikutik 9k gomendatzen dute”, “Ezagutu benetako purutasuna”.

Buruan galdera bat dabilkit bueltaka aspaldidanik: zergatik ordaindu behar dugu, iragarki horretan azaltzen den mirarizko ur horrengatik iturritik ateratzen denagatik baino gehiago, biak H₂O direla kontuan izanik? Euskal Herrian, iturriko ura metro kubikoko 1,65 euro batez beste ordaintzen ditugun bitartean (0,00165 euro litroko) botilako urarengatik 0,50 euro litroko izaten dira. Datu soil horiekin ohartu gaitezke zer nolako negozioa dagoen atzean. Historiako marketin kanpaina onena ote?

Jatorria

Botilako uraren salmentari dagokionez, historian dokumentatua topa daitekeen lehen kasua Boston hirian da, 1760. urtean. Jackson’s Spa izeneko enpresa batek, erabilera terapeutikoetara bideratzeko ur minerala botiletan saltzea erabaki zuen. Ordutik gaur egun arte, botilako uraren kontsumoa urtero-urtero %10 inguru igotzen ari da.
Badira bi dokumental bilakaera horren zergatia, jatorria eta atzean dagoen guztia xehetasun osoz ezagutzeko: The Story of Bottled Water, Annie Leonard-en ahotik, era pedagogikoan eta errazean azaldua; eta diru-goseak gure planetaren ezinbesteko ondare hau suntsitzen ari denaren argudioak azaltzen dituen Flow: For Love of Water (2008, Irena Salina).

 
Publizitate engainagarria

Iturriko uraren aurkako lehian, enpresa handiek behar artifizial bat fabrikatzea erabaki zuten hiru estrategia nagusi erabiliz: beldurra sortzea, ur horren kalitate eta jatorriaren inguruan ziria sartzea eta iragarkietan indar berezia jartzea. Kanpainetan ur jauziak, mendi elurtuak, laku naturalak eta erreka miragarriak bezalako irudiak erabiltzen dituzte, botilako ur hori minerala dela irudikatzeko. Aquafina markako urak –PepsiCO taldekoa eta mundu mailako handienetarikoa– orain dela gutxira arte beren etiketetan, PWS sigla oso txiki batzuk zeramatzan. Orain arte, AEBetako hainbat erakundek salatu ostean, hizki horien jatorria eta esanahia argitzeko eskatu zietelako. Zergatik? Letra horien esanahia Public Water Source zelako. Alegia, likido horren jatorria iturriko uraren berbera zela eta ez fantasiazko ur-jauzi batekoa. Tokiaren arabera izan dezakeen zaporea alde batera utziz, gure iturrietatik irteten den ura, osasun ikuspegitik behintzat, botilakoa bezain ona dela esan daiteke.

Estatu espainiarrean, ura produktu argalgarria bezala ere saltzen saiatu izan dira. 2000. urtean, esaterako, Font Vella (Danone) markak honako iragarkia emititu zuen telebistan: bi emakumezko, bata eskailera mekanikoetatik gorantz doan bitartean, bestea ondoko eskailerak oinez igotzen ari da. Lehenak argaltzeko sekretua zein den galdetzen dio, denetik probatu duela eta ezin. Beste neskak orduan, hitzik gabe, poltsatik botilako ura atera eta edaten hasten da. Iragarkia amaitu eta “Te aligera” esaldia azaltzen da pantailan. FACUA kontsumitzaileen elkarteak salaketa jarri eta merkatutik kanporatzeko eskatu zieten.

 

Kontsumoa europan

– Europan botilako uraren kontsumoa –per capita–, ohitura kulturalaren arabera asko aldatzen da.
– Espainian, adibidez, biztanleko 112 litro urteko edaten dute. (Frantziaren eta Portugalen oso antzekoak, 122 litro inguru.)
– Alemanian 167 litro urteko/pertsonako (gehiengoa gas-ura) eta Italian 175 litro.
– Botilako ura gutxien kontsumitzen dutenak Erresuma Batua (27 litro per capita) eta Herbehereak dira (20 litro).

 

Industria

ESTATU ESPAINIARREAN

Estatu espainiarren, tamaina txikiko enpresak kanpo utzita, pastelaren zati handiena –salmenten %60 eta etekinen %73– sei multinazional handi hauek eramaten dute:
– Font Vella eta Lanjarón (Danone).
– Bezoya (Grupo Leche Pascual).
– Aquarel (Nestlé).
– Solán de Cabras (Mahou-San Miguel).
– Font Natura eta Fuente Primavera (San Benedetto talde italiarra).
– Aquabona (Coca-Cola).

Laburbilduz, ur soilaren truke 766 milioi inguru zuzenean gure poltsikotik sei enpresa erraldoi horietara bideratzen ditugu.

Mundu mailan

– Danone (Bonafont, Aqua, Evian).
– Hangzhou Wahaha Group Co. Ltd.
– Nestlé Waters (Pure Life, Acqua Panna, Deer Park).
– The Coca Cola Company (Dasani, Ciel, Kinley).
– Nongfu Spring Co., Ltd.
– Tingyi (Cayman) Holding Corporation (Master Kong).
– Pepsi Co. (Aquafina).
– CR Beverages (Holding) Ltd. (C’est Bon).
– Natural Waters of Viti Ltd (Fiji Water).
– Bisleri International (Bisleri, Vedica).
 

Luxua

Luxuzko ura kontzeptuak eztabaida sutsuak pizten ditu. Izan ere, botilaren barruan dagoena urturiko iceberg baten ura dela adieraziz, produktuaren prezioa izugarri igo daiteke.
Munduko marka garesti eta esklusiboena den Svalbardi-ren kasua da: bere botilak 90 euro inguruan saltzen ditu. Zergatik? Barku baten gainean, iceberg desberdinen izotza hartu eta espresuki urtzen dituztelako ondoren botilaratzeko. Polemika ikuspuntu guztietatik loratu daiteke jakina, kalte ekologikoak barne. Askok snob edota absurdotzat jo dezaketen ideia honen atzean Jamal Qurseshi enpresaria dago. Duela urte batzuk emazteari artikoko izotz pusketa batekin, te bat prestatu zion unean bururatu zitzaion iceberg ura botilatzearen ideia. Dena den, ez da mundu mailan topatu daitekeen adibide bitxi bakarra:

Kristalezko ura

Modigliani artistari omenaldi gisa eginiko botilaren edukia, kristalezko ura bezala da ezaguna. Fiji-ko uren eta Frantzia eta Islandiako glaziarren arteko uren nahasketan sortzen den elixir miragarri honen kostua 200 euro ingurukoa da.

Supernariwa

Supernariwa markako ur litro batek 9.000 euro inguru balio du. Botila txikietan saltzen den eduki honen atzean, milurteko iturri batetik zuzenean ateratzen den ura dagoela diote. Betiereko gaztetasunaren iturria ote?

Poltsikoa

Zalantzak argitze aldera azken kalkulua: adituek egunean batezbesteko 2,5 litro ur edatea gomendatzen dute –elikagaien ura barne–. Iturriko ura soilik edango bagenu, egunean 3 zentimo inguruko kostua izango genuke, hau da, urtean 1,26 euro inguru. Botilako ura aukeratuz gero, aldiz, 1,35 euro egunean edo 492,75 euro urtean. ANEABE elkartekoek diotenez “ezin da konparaketa hori egin, produktu desberdinak direlako”. Egia esan, zaporean xehetasun txiki batzuk salbu, ezin dugu pisuzko argumenturik topatu plastikozko edukiontzi horiek aukeratzeko. Orain zuk aukeratu: botilatxoa bai, botilatxoa ez.