Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria ( #1Ostalaritza)

Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria ( #1Ostalaritza) – Edateko zer nahi duzue? – Pitxer bat iturriko urarekin mesedez! – Ez, hemen ez dugu iturriko ura ateratzen, botilakoa izan beharko du... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/botilako-ura-urre-urdinaren-inguruan-eraikitako-industria/@@download/image/ura_ATZEKALDEAtif.jpg
2019/06/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

– Edateko zer nahi duzue? – Pitxer bat iturriko urarekin mesedez! – Ez, hemen ez dugu iturriko ura ateratzen, botilakoa izan beharko du...
Botilako ura: urre urdinaren inguruan eraikitako industria ( #1Ostalaritza)

Zenbatetan bizi izan duzu egoera hori eta lotsa ala ezjakintasunaren eraginez, ez duzu ezer erantzun eta botilako ura hartu duzu? MOE (Munduko Osasun Erakundea) eta Unicef-en datuen arabera, munduan 600 milioi pertsona inguru edateko ura eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean, mila miloi inguru gastatzen ditugu botilaraturikoa erosten. ‘Blue Gold: The Battle Against Corporate Theft of the World’s Water’ liburuan jasotzen diren datuen artean, 70ko hamarkadan ur botilaratua, 1.000 milioi litro salmenta izatetik, 2017an, 391.000 milioietara pasatu izana salatzen dute. Gorakada nahiko deigarria da, kontuan izanik, bizitzeko beharrezkoa den ondare baten inguruan eraiki den industria bat izan dela. Urre urdina esaten diote, eta ez da gutxiagorako, ura negozio ezin errentagarriagoa bat bilakatu baita azken urteotan.
Zergatik gastatu behar dugu hamar aldiz gehiago botilakoa erosten, gure iturriko ura edateko aproposa bada? Behartuak al daude ostalariak iturriko ura ateratzen? Gaia sakon bezain polemikoa bada ere, Botilako ura, XXI mendeko iruzurra izeneko erreportajearen lehen zati honetan Euskal Herriko ostalaritza eta botilako uraren arteko lotura aztertuko dugu.

Iturriko uraren kontrako arrazoiak

Ostalarien esanetan:
– Plastikozko botila gero etxera eraman dezakete eta beraz hori eskatzea nahiago dute.
– Ur minerala nahiago dute, botilako ura gehiago gustatzen zaie.
– Botilako ura freskoago dago.
– Bezeroek ez dute begi onez ikusten jatetxe batera bazkaltzera joan eta iturriko ura ateratzea.
– Kloroa du.
– Alkohola edan nahi ez duen bezeroek kontsumoa egitearren ur-botilak eskatzen dituzte.
– Irudia. Batzar edo enpresa bazkarietan iturriko ura ateratzeak irudi txarra eman dezake.



Etxeko ura

Munduko hainbat hiritako jatetxe zein tabernetan iturriko ura eskaintzea ohitura normalizatua izan arren, Euskal Herriko errealitatea oso bestelakoa da. Zenbait ekimen egin badira ere, jatetxe eta taberna askotan iturriko ura lortzea, misio zaila izan daiteke, askoren haserrea eragiten duen odisea. Ostalari eta bezeroaren artean sortu den tentsioa saihesteko, Kutxa Ekogunean orain urte batzuk beirazko ur pitxar berrerabilgarriak eskaintzen hasi ziren gipuzkoar ostalariei, bezeroek hala eskatu beharrik gabe erabil ditzaten. Modu honetan, iturriko ura aprobetxatuz, eta beirazko pitxarra berrerabiliz, kalitatezko ura eskaintzeaz gain, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortu nahi dute.
Amaia Otazorekin elkartu gara, Kutxa Ekoguneko Kontsumo eta Ohitura Jasangarri eta Solidarioen arduraduna.
Iniziatibari batzeari dagokionez, honen balorazio oso positiboa egiten du berak. “2013an establezimendu askorekin jarri ginen kontaktuan eta gaur arte ia 500 inguruk bai esan diote iturriko ura eskaintzeari. Gainera, herritar asko taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzeko saiakera egiten hasi dira edo gutxienez, hausnarketari ekin diote.”
Otazok azaldu duenez, egitasmo honen helburu nagusia “etxetik kanpo egiten dugun uraren kontsumo eredua aldatzea da. Horren barruan, iturriko uraren kalitatea bistaratzea, bestelako uren kontsumoak –ur botilatua– duen inpaktua ekiditea eta batez ere kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea”. Behin iniziatiba barneratuta, garrantzitsua da bi alderdien iritzia ezagutzea, alde batetik erabiltzaileena, “orokorrean oso positiboa da. Etxean gehiengoak iturriko ura edaten duela adierazten duten datuak ditugu, hortaz aldaketa era naturalean egiten dutela esan daiteke.”
Jatetxe eta tabernetako arduradunen erantzuna, aldiz, anitzagoa da. “Batzuek asko eskertu dute kanpaina, testuinguru batean kokatzeak lagundu egiten dielako iturriko uraren aldeko pausoa ematen. Beste batzuek ordea botilako ura saltzean duten irabaziari uko egitea ez dute interesgarri ikusi eta bezeroen aurka sor daitekeen jarrera bat aurreikusiz, ezezkoa eman duenik ere bada”.
“Guztira Gipuzkoako 495 establezimendu batu dira eta 10.000 pitxer inguru banatu ditugu. Establezimenduek konpromisoa hartzen dute, bezeroak esertzen diren unean,  ogia jartzen zaien moduan, pitxarrako ura ere jartzea. Zoritxarrez, konpromiso hau ez dute guztiek betetzen. Jarraipen bisitak egiten ditugu, baina badira jatetxe ugari, iturriko ura espresuki eskatzen duten bezeroei soilik jartzen dietenak. Eta hor ez dago ia onurarik. Horretan, bezeroen inplikazioa ezinbestekoa da. Oraindik iturriko ura eskatzeak lotsa handia sortzen duela iruditzen zait. Asteburu honetan bertan izan nuen adibidea; bikote bat tabernan behar zutena eskatzera joan eta neskak, iturriko ura nahi zuela esan zion bikoteari. Mutila eskatzera joan eta zerbitzariak ura hotza nahi ote zuen galdetu ziotenean “bai, botilakoa” izan zen mutilaren erantzuna. Oraindik ere asko dago egiteko bide horretan.
Ostalariez gain bezeroen inplikazioa ere ezinbestekoa da pentsaera hau ekiditeko. Orokorrean herritarrei informazio gehiago ematea eta horien kontzientziazioan lan egitea. Orain arte bezala kanpainaren berri ematen jarraituko dugu eta aukera dugun bakoitzean albisteak eta erreportajeak egiten jarraituko dugu. Aldi berean, herritarrei kanpainan parte hartzen ari diren establezimenduak zeintzuk diren jakinaraziko diegu. Kanpaina ahaztuta geratu ez dadin azarorako aurreikusita dagoen murrizketa asteko ekimenetan txertatuko dugu”.
Argi dago beraz, ostalari zein bezeroen inplikazioa ezinbestekoa dela; izan ere, keinu txikien bidez uste baino aldaketa handiagoak lortu ditzakegu. Esaterako, ostalarien portzentaia altu batek, ur minerala eskatzen duten bezeroak badaudela adierazten duen arren, (ia %90ak baiezkoa dio) kasu hauek gutxiengoa direla adierazten dute (gehiengoek kasuen 10etaik 2tan baino gutxiagotan gertatzen dela adierazten du). Ur mineralaren kontsumoaren murrizketari dagokionez, ostalari gehienek (%75ak) botilako uraren kontsumoa jaistea lortu dute, %25 inguru botilako uraren kontsumoa murriztuz. Kontuan izanik egunean, batez beste, 780 otordu ematen direla establezimendu hauetan, hilean 5.850 ur botila kontsumitzea saihesten da.

Legedia

Legala al da jatetxe edo tabernetan iturriko ura zerbitzatzeari uko egitea? Behartuak daude ateratzera?
Bai eta ez. Legez-kanpoko uretan igerian dabilen zerbait dela esan baitaiteke. Urtero martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna ospatzen da, aurten Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak aspaldidanik erreklamatzen duten eskaera irmo bat egin du: ostalaritzan –doako– iturriko ura ateratzea behartzen duen estatu mailako lege bat ezartzea. Iturriko ura eskaintzea derrigorrezko zerbait izatea aldarrikatzen dute, gure oinarrizko behar bat baita. Kontsumitzaileak ez luke zertan etengabe justifikatzen egon behar, eta zerbitzariarekin janariarekin batera eskatzen duen bakoitzean, lotsa ala borroka batean murgildu behar. Andaluzian esaterako, aspaldi abiatu zuten bezero guztien iturriko ura izatearen aldarrikapena. Legeak ala esanda, bertako taberna eta jatetxe guztiek, iturriko ur freskoa eta edalontziak izan beharko dituzte bezero guztien eskura (Frantzian edota AEBetan bezala). Euskal Herrian, aldiz, ostalariaren esku geratzen den erabaki bat da oraindik.

 

ZERGATIK EDAN BEHARKO ZENUKE ITURRIKO URA?

Orain 30 urte inguru, botilako ura turistek soilik edaten zuten arren, gaur egun ia mundu guztiak barneratu du botilako ura erosteko ohitura. Zer aldatu da?