Boterea, dFeriaren ardatz berria

Agendan lekua egiteko prest? Martxoaren 11tik 14ra bitartean izango da dFeria arte eszenikoen azokaren 25. edizioa, eta aurten, boterea izango da antzerki eta dantza jaialdiaren ardatza. Hain zuzen, boterearen inguruan birak emango dituzte hainbat ekoizpen; besteak beste, Shakespeareren bi antzezlan izango dira, Macbeth eta Lear Erregea. Lehenengoko protagonista tirano bat da, eta bigarrenak ere sekulako botere gosea du.
Azoka hasi baino aurreko bi egunetan motorrak berotzen hasi eta arte eszenikoak kalera eramango dituzte. Guztira 32 konpainiek hartuko dute parte, eta horietatik 15 dantza ikuskizunak izango dira, 12 antzezlanak eta 5 diziplina anitzekoak. Donostian izango diren ekoizpenen %65 estreinaldiak izango dira gainera, hiru mundu mailan, bi Europan, bi Estatuan eta hamalau Euskal Herrian. Egitaraua ezagutu nahi?