Botatzen ditugun elikagaiez kontziente izan gaitezen, JanZank!!

Botatzen ditugun elikagaiez kontziente izan gaitezen, JanZank!! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/botatzen-ditugun-elikagaiez-kontziente-izan-gaitezen-janzank/@@download/image/janzank_1360657236.jpg
2013/02/12
berria
‘Botatzen dugun Janaria, Zaborra ez delako’ lelopean, Ekoliderrak Sareak JanZank!! proiektua jarri du abian. Larunbat honetan —otsailak 16— Donostiako Boulevardean bilduko dira, eta ekintza publiko baten bidez beren lana herritarrei erakutsiko diete eguerdiko 13:00etan.


Iraungitze epe-muga zorrotzek, kontsumo irizpide zentzugabeek eta beste hainbat parametrok zehazten dute dendetan erosten ditugun elikagaien bizi-iraupena eta kontsumo tartea. Askotan, baina, oraindik jangarriak diren elikagaiak botatzen ditugu zaborretara, arduragabe, eta urtean milaka tona pilatzen dira mundu osoan.

Gurean ere halaxe egiten dute, besteak beste, supermerkatuek, saltoki txikiek, jatetxe eta kafetegiek, eskola jangelek, eta nola ez, baita guk geuk ere. Horregatik, neurrigabeko xahutze honekin kontziente izan gaitezen, Ekoliderrak Sareak JanZank!! egitasmoa martxan jarri du.

Azken hilabeteetan egindako ikerketak eta lortutako ondorioak azaltzeko asmoz batetik, eta herritarrei informazioa eskaintzeko helburuz, bestetik, ekintza herrikoi eta parte hartzailea egingo dute larunbat honetan —otsailak 16— Donostiako Boulevard zumardiko kioskoan. 13:00etan egin dute hitzordua, eta interesa duen edonor gonbidatu dute zitara.

Material didaktikoa eta haiek bildutako elikagaiak jarriko dituzte eskuragai, zaborra delakoan botatako janaria oraindik dastatu daitekeela erakusteko asmoz. Ohitura zentzudunak berreskuratzen hasteko lehen urratsa baita, haien hitzetan, gure ekintzen ondorioen erantzule izatea, eta zaborretan aurki daitekeen janaria probatzea da horretarako bide zuzenetako bat.

Beraz, ez hutsik egin eta hurbildu larunbatean Donostiara!

Gazte Ekoliderrak


Kutxa Ekoguneak Gipuzkoako jasangarritasunaren alde eta gazteen lidergoa bultzatzekoa asmoz abian jarritako sare formatu eta aktiboa da Gazte Ekoliderrak. Beren proiektuak aurrera eraman ditzaten formakuntza eskaintzen diete, eta ondoren ikasitakoa gauzatzeko tartea izaten dute, aurrerantzean, sareko partaide aktibo izan daitezen. JanZank!!, hain zuzen, Ekoliderrak Sarearen baitan sortutako proiektuetako bat da.