Bos, goza ezazu musika klasikoarekin ere!

Bos, goza ezazu musika klasikoarekin ere! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bos-goza-ezazu-musika-klasikoarekin-ere/@@download/image/71p10_2_1364904109.jpg
2007/02/02
erreportajea
Gaztezulo
Bos, goza ezazu musika klasikoarekin ere!
Rocka, popa, musika elektronikoa… Denak izan daitezke gozagarriak. Baita musika klasikoa ere. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin primerako aukera duzu, adibidez. 

Musika klasikoa zaharren kontua da. Dotore-dotore jantzita joan behar da, gainera. Eta garesti samarra da. Hobe beste kontzertu mota batera joatea!

Gazteei buruzko topiko gehiegi dabil gizartean. Horregatik, gazteok topikoak alde batera utzi beharko genituzke. Baita musikari eta, zehatz-mehatz, musika klasikoari dagokionez ere. Eta aurreko guztiak topiko hutsak dira.

“Ez da egia gazteei musika klasikoa gustatzen ez zaienik. Bestela, ez genituzke milaka eta milaka gazte kontserbatorioetan izango. Ez da egia gorbata jantzita joan behar denik; hamaika kolorez margotutako ilea zuen jendea ikusitakoa naiz ni kontzertuetan. Eta ez da egia garestia denik, gazte batek bi euroren truke ikus dezakeelako gure kontzertuetako bat”, adierazi digu Javier Perez Bilboko Orkestra Sinfonikoko prentsa arduradunak.

Aldaketa?

Gazteei kosta egiten zaie musika klasikora hurbiltzea. Topikoek ez ezik, kultur eskaintza zabalak ere zeresana du horretan. “Beste eskaintza batzuk errazago irensten dituzte-eta gazteek”, dio Javierrek.

Dena dela, gauzak aldatzen ari omen dira. Bilboko Orkestra Sinfonikoan, esaterako, 27 urte azpiko bonodunak %50 gehiago dira aurten iaz baino. “Aurreko denboraldiko azken kontzertuan, 27 urte azpiko ehundik gora gazte egon ziren Euskalduna jauregian. Zenbat rock kontzertuk dituzte ehun gazte baino gutxiago? Askok”.

Musika klasikoa gazteei hurbiltzeko asmoz, Bilboko Orkestra Sinfonikoak beherapen handiak eskaintzen ditu. Euskaldunan hemezortzi kontzertu ikusteko bonoak 288 euro balio du edozein herritarrarentzat, tokirik onenean, eta 183 euro, lekurik merkeenean. Gazteek, aldiz, 107 eta 65 euro ordaindu behar dituzte, hurrenez hurren. Eta Hego Euskal Herriko kutxen gazte txarteletako bat izanez gero, are merkeago joan daitezke kontzertuetara: 50 eta 30 euro. Horrez gainera, kontzertu bakar batera joateko, gazteek bi edo hiru euro besterik ez dituzte ordaindu behar, lehen aipatutako gazte txartel horietako bat aurkeztuta.