Bortxaketa batean borondatez kontrako orgasmoak gertatu daitezke

Bortxaketa batean borondatez kontrako orgasmoak gertatu daitezke Indarrez egindako estimulazio batek gogoz kontrako erantzun fisiologiko automatikoak eragin ditzake, eta biktimak ez du errurik sentitu behar horregatik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bortxaketa-batean-borondatez-kontrako-orgasmoak-gertatu-daitezke/@@download/image/violacion-mensajes_2854275b_1200x630.jpg
2021/03/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Indarrez egindako estimulazio batek gogoz kontrako erantzun fisiologiko automatikoak eragin ditzake, eta biktimak ez du errurik sentitu behar horregatik.
Bortxaketa batean borondatez kontrako orgasmoak gertatu daitezke

Bortxaketa bat jasatea trauma itzela da, baina oraindik handiagoa izan daiteke unean biktimak orgasmo bat izan badu. Kasu horietan ia ekidin ezina da lotsa eta erruduntasun sentsazioa; izan ere, nola da posible halako egoera ikaragarrian gorputzak plazeraz erantzutea? Argi izan behar da baina orgasmoak erantzun fisiologiko automatikoa direla, eta ez daudela gure esku. Gertatzeak ez du esan nahi disfrutatu denik, eta beraz, bortxaketen biktimek ez dute zertan errurik sentitu beharrik horregatik.

Orgasmoak borondatetik at dauden erantzun fisiologiko automatikoa dira; hauek bilatzeko saiakerak egiten ditugu, baina beti ez dira guk nahi ditugun unean gertatzen. Batzuetan gertatu daiteke orgasmoaren bila "jo ta ke" ibiltzea, emaitzarik lortu gabe; eta alderantziz, orgasmo bat izatea nahi gabe, unerik arraroenean, edo lo gaudenean, adibidez.

Roy Levin Erresuma Batuko sexualitatearen fisiologian adituak ikerketa publikatu zuen 2004ean, eta bertan zehaztu zuenez, bortxaketa jasan duten emakume gehienek lubrikatzen dute; horrekin batera, gehienek borondatez aurkako plazera sentitu zuten, eta %4-5 inguruk orgasmoa izan zuten. Ez da emakumeei soilik gertatzen zaien zerbait; bortxatuak izan diren gizon edota haurrek ere erekzioak izaten dituzte, borondatez kontrakoak badira ere.

Ikerlari eta medikuek baina, argi dute orgasmo horiek ez dutela biktimaren borondatearekin inolako zer ikusirik; erantzun fisiologiko automatikoak dira, aharrausi egitea bezala. Lubrikazioarekin berdina gertatzen da; nerbio sistema sinpatikoak eragindako erantzun fisiologikoa da, indarrez eragindako estimulazio baten eraginez martxan jartzen dena. Erruak beraz, ez du lekurik halako gertaeren aurrean.