Borrokak aurrera darrai

Borrokak aurrera darrai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borrokak-aurrera-darrai/@@download/image/13p30-1_1370943736.jpg
2001/11/02
erreportajea
Bi hilabete barru, abenduaren 31n, derrigorrezko soldaduska egindako azken mutilek Espainiako Ejerzitoa utziko dute. Hortik aurrera ejerzitoa erabat profesionala izango da. Frantziako Ejerzitoak urratutako bide berean azken urratsak ematen ari da Espainiakoa. Euskal Herriko antimilitaristek, ordea, borrokari eutsi nahi diote. 

Antimilitarismoak sekulako indarra izan du Euskal Herrian. Orain, berriz, mugimenduak oihartzun txikiagoa du. Gainbehera honen arrazoia, batik bat, derrigorrezko soldaduska desagertzea eta ejerzitoak profesionalizatzea da. Garai batean gazte askok soldaduska mehatxutzat jotzen zuten eta ondorioz, mugimendu antimilitaristak, intsumisioaren bandera eskuan hartuta, babes handia lortu zuen. Gaur egun soldaduskaren "arriskua" albo batera utzita, militarismoaren aurkako erantzuna askoz ahulagoa da.

Antimilitaristak, hala ere, ez daude geldirik. Egoera berria da eta  beraz, euren ekinbidea egokitu behar izan dute. KEM-MOCek (Kontzientzia Eragozpen Mugimendua), adibidez, kuarteletako intsumisioa landu ondoren, borroka mota hau bazterrean uzten ari da poliki-poliki, beste ildo batzuei heltzeko. Javi Rodriguez KEM-MOCeko kide portugaletearrak dioenez, "aurrera begira militarren esparruetan eta arma lantegietan sartzea eta salaketa ekintzak egitea bultzatu nahi dugu".

Militarren egoitzetan sartzea ez da ekimen berria, azken urteotan mota honetako ekintza batzuk egin dira eta. Arma lantegien aurkako salaketa, aldiz, gutxiago landu da. "Kontuan hartu behar da Hego Euskal Herriko armagintza sektorea Espainiako Estatuko garrantzitsuena dela. Hemen ditugu, esaterako, Zamudioko ITP, gerra hegazkinetarako motorrak egiten dituena, Gasteizko Expal, lehergai ekoizlea, edota Algortako Sener, Europako gerra hegazkinerako osagaiak ekoizten dituena", adierazi digu Javi Rodriguezek.

Bestalde, intsumiso presoen garaia joana dela dirudien arren, oraindik ere, koarteletan intsumisioa egin edo militarren esparruetan sartu izanagatik, hiru euskal herritar kartzelan daude: Jose Ignacio Royo, Alberto Estefania eta Ander Eiguren, hirurak bilbotarrak. Laster gure mintzakide Javier Rodriguez espetxean sartzekoa da.

Egia da antimilitarismoak behera egin duela, baina dena den, mugimendu honetan ari direnek, geroari begira, baikorrak izan nahi dute. Eta pozik egoteko datuak dituzte. KEM-MOCeko kideak adierazi digunez, Espainiako Ejerzitoak aurreikusitakoa baino 10.000 soldadu profesional gutxiago izango ditu, herritarrek ez baitiete Defentsa Ministerioaren deialdiei batere ondo erantzun. "Aurtengo deialdian 10.000 soldadu lortu nahi zituzten, baina irailera arte, 2.000 besterik ez zituzten", dio Javik. Hego Euskal Herriko gazteei ere ez zaie gustatu soldadu profesional bihurtzeko gonbitea: 600 batek izena eman dute.

40 milioi metro karratu lur



Espainiako Ejerzitoak 40 milioi metro koadro lur ditu Hego Euskal Herrian, hots 40 kilometro koadro. Lurrak ezezik, etxeak ere baditu ejerzitoak; 885 etxebizitza, guztira. Hona hemen Espainiako Ejerzitoaren jabegoetako zenbait.

ArabaArakako base militarra Olazuriko etxebizitzakGuztira, 8.548.000 m2 eta 117 etxebizitza.


Nafarroa
Iruñeko Gobernu MilitarraAntsoaingo base militarraBardeetako tiro eremuaLizarrako tiro eremuaAblitaseko aerodromoaBelagoako aterpetxe militarraArtederretako kanpamentuaGuztira, 25.646.000 m2 eta 331 etxebizitza.

BizkaiaBilboko Itsas Komandantzia, Gobernu Militarra eta beste 15 jabetza. Soietxeko base militarra.Guztira, 29 eremutan, 1.157.000 m2 eta 149 etxebizitza.

Gipuzkoa
Donostian, Loiolako base militarra eta etxeak, Itsas Komandantzia eta Aieteko zalditegia (jabetza erdia)Lore Tokiko ZalditegiaJaizkibelgo tiro eremuaHondarribiko Itsas KomandantziaGuztira, 4.894.000 m2 eta 258 etxebizitza.