Borgen: Danimarkar politikaren gotorlekua

Borgen: Danimarkar politikaren gotorlekua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borgen-danimarkar-politikaren-gotorlekua/@@download/image/borgen_2_1427461544.jpg
2015/03/11
erreportajea
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Ahaztu Danimarkatik datorrela, politikaren munduan barneratuko gaituela eta atal bakoitzak ordu beteko iraupena duela. ‘Borgen’ boterea, ustelkeria, zintzotasuna, familia, gizartea eta kazetaritza uztartzen dituen hausnarketarik biribilena
eta zorrotzena izan liteke; eta, batez ere, entretenigarriena.


Urtea: 2010-2013.
Sortzailea: Adam Price.
Zuzendariak: Søren Kragh-Jacobsen, Rumle Hammerich, Jannik Johansen.
Aktoreak: Sidse Babett Knudsen, Birgitte Hjort Sørensen, Pilou Asbæk, Mikael Birkkjær, Freja Riemann, Emil Poulsen, Thomas Levin, Søren Malling, Christoph Bastrup.
Herrialdea: Danimarka.
Denboraldiak: Hiru.
Atal kopurua: Hamar atal denboraldi bakoitzeko, guztira 30 atal. Guztiek 60 minutuko iraupena dute.

Danimarkako lehen ministro izateko Birgitte Nyborg politikariak egunero egin behar duen lana eta sakrifizioa erakusten dizkigu telesail honek. Baita helburu horrek bere bizitza pertsonalean izango duen eragina ere. Nyborg ez da ohiko politikaria, ordea. Lehen ministro izateko bidean da, baina bere osotasuna mantenduz, idealak errespetatuz eta herriaren interesen alde borrokatuz.

Aspergarria? Ez, guztiz kontrakoa. Gaur egungo egoeraren kritika zorrotza telebista produktu zentzudun eta entretenigarri baten bitarteaz egin daitekeela erakusten duen telesaila da; Danimarkako sistema politikoa eta bertako ordezkariak hankaz gora jartzen dituen lan paregabea.

Amaitu den momentutik, klasiko bihurtu den telesail nordikoa. Bertako literaturarekin gertatzen den bezala, The Walking Dead bezain iluna eta gogorra, baina House of Cards bezain diplomatikoa. Hasieratik usain dezakegu jariatzen duen kirats-politikoa; lehen ministroaren kreditu txartela, gauez jasotako dei misteriotsuak edota prentsarekin antolatutako azpijoko ikusezinak.

Gidoi bikaina eta dotorea, tonu didaktiko eta sakona duena. Une askotan Aaron Sorkin gidoilari amerikarra dakarkigu burura, eta batez ere, honek idatzitako The West Wing. Borgen, aldiz, oso ‘danimarkarra’ da, baina, ere berean, oso unibertsala. Tonu horretatik abiatuz, Nyborgek eta bere kabineteak hainbat gairi egingo diete aurre: nazioarteko erlazioen konplexutasunari, alderdien arteko espioitzari, gardentasunari edota prentsarekiko kontrolari.

Aktore guztiak dira nabarmentzekoak, baina, batez ere, protagonistarena egiten duen Sidse Babett Knudsen azpimarratuko nuke. Bere pertsonaia gutako edonoren pare jartzeko duen gaitasunak bere familiaren eremu pribatuan sartzeko aukera ematen digu. Politikariekiko dugun irudi hotz eta eskuraezin hori guztiz apurtu eta pertsona arrunt baten mailan jartzen du. Noski, politikaren lehen lerroan kokatzeak hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion garapen pertsonal eta profesionalera eramango du. Orokorrean, emakumearen irudia eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesailak, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe. 

Erritmo biziko trama du, eta sastatzeko moduko elkarrizketa zorrotz eta burutsuak. Beldurrak eta nagitasuna gainetik kendu eta emaiozue aukera bat, ez zarete damutuko eta.

BINGE WATCHING
Ez. Kasu honetan, komeni da atalak patxadaz ikustea, bakoitza lasai-lasai gozatuz. Gehienez bi atal segidan.

MUSIKA
Halfdan E konposatzaile danimarkarrarena da soinu banda. Halfdan E bi Grammy sariren irabazlea da, eta telesail honetarako egindako lanagatik FIPA saria irabazi zuen 2011n. Partitura orkestral konbentzionalaren eta soinu/instrumentu arraroen arteko nahasketa ezinhobeto itsasten zaio telesailaren erritmo biziari.

BITXIKERIAK
- Stephen King idazlearen ustez 2012ko telesailik onena izan zen, Breaking Bad, Sons of Anarchy eta Game of Thrones-en aurretik.
- Atal bakoitzaren hasieran, Churchill, Machiavelli, Lenin, Joyce, Russell, Shakespeare edota Lincoln bezalako pertsonaia garrantzitsuen esaldiak azaltzen dira, atal bakoitzarekiko lotura zuzena dutenak. Adibidez, Mao Zedong-en hau: "Politika odolik gabeko gerra da. Gerra, aldiz, odoldun politika".
- Berlingske egunkariak egindako inkesta baten arabera, danimarkarren %83ak uste du telesailak sekulako fideltasunarekin islatzen duela bertako politika.
- Christiansborg jauregia izendatzeko kaleko izena da Borgen. Bertan Danimarkako estatuaren hiru botereek dute egoitza.

LOKALIZAZIOAK
- Christiansborg jauregiaren kanpoaldea, Kopenhagen.
- Barneko eszenak DR Danimarkako irrati-telebista publikoak Kopenhageko Amager irlan dituen estudioetan grabatu dira.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
- The West Wing (1999).
- The Wire (2002).
- The Good Wife (2009).
- House of Cards (2013).