Bon Appetit: ez da maitasun istorio soila

Bon Appetit: ez da maitasun istorio soila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bon-appetit-ez-da-maitasun-istorio-soila/@@download/image/20101129491bon-apettit.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
Bon Appetit: ez da maitasun istorio soila
Unax Ugalde Zurichen. Euskaldunak Suitzan. Harritzekoa kreditu tituluak irakurri eta hirutik bat izen euskalduna dela ikustea. Azkenaldian esan ohi da euskal zinema aspaldiko momenturik onenean dagoela. Ez dakit hala den edo ez. Eta ez gara orain hasiko “euskal zinema” delako hori zer den eta zer ez den eztabaidatzen. Baina zalantzarik gabe esan dezakeguna da, zinea egiten duten euskal herritarrak gero eta gehiago direla, eta zine ona egiten dutela. 

Bon Appetit ez da maitasun istorio bat. Ez da maitasun istorio soila. Ez da ohiko maitasun istorioa. Lagunen arteko istorioa da. Elkar besarkatzen duten lagunen istorioa. Elkar musu ematen duten lagunena. Behar denean negar egiteko sorbalda bat duten lagunena. Maitasun istorio bat da Bon Appetit.  

Unax Ugalderen lana azpimarragarria da, egia da. Keinu sotilak, ezkutuko begiradak, malko bakanak, Danielen barnean mugitzen diren sentimenduak begien atzean garden azaleratzen ditu. Baina aktore bat nabarmentzekotan, Nora Tschirnerren lana aipatuko nuke. Esan egin behar dut. Maitemindu egin naiz. Irribarre bakar bat nahikoa du emakume honek. Hain da goxoa, hain da dibertigarria, hain da hauskorra, berezia. Amélie utzi nuenetik ez dut gogoratzen antzerako kilimarik. Espero dezagun etxera buelta egin ostean, gurean berriz ikusteko aukera izatea. Mesedez!  

Baina ez dira kilima bakarrak. Beste mota bateko kilimak ere sortzen ditu filmak. Istorioa Bilbora doan momentua hunkigarria da benetan. Eta ez lehenengo planoa, espero zitekeen legez, Guggenheim museoaren plano orokorra delako, Elena Iruretak bere betiko graziarekin antzezten duen ama horretan geure ama ikusten dugulako baizik. Eta zer esan legatz goxoaren inguruan familiarekin bat lagun italiarra eta alemaniarra Aldapeko sagarraren adarraren puntan kantatzen ikusteak ateratzen dizun irribarreaz. Bale, agian gehiegi emozionatzen gara kontu hauekin, baina ez gaude ohituak, eta gustagarri egiten dira. 

Detaile soil bat. Soinu bandan We Are Standard entzuteak atera dit irribarrea. Eta filmaren klimaxa Sigur Rosen doinuz zizpriztinduta egoteak erakusten du filmaren tonua. Badakizue nortzuk joango zareten filma ikustera. On egin!  

Pena da, baina Francoren itzalak guk uste baino leku gehiagotara jarraitzen digu, eta zoritxarrez, gure zinema-aretoetan ere oraindik gaztelaniaren tiraniak indartsu darrai. Gero esango dugu alemaniar edota eskandinabiar gazteek guk baino hobeto hitz egiten dutela ingelesez. Kontu honen inguruan hitz egin genezake beste momentu batean. Azpimarratu nahi nukeena da, kultura ezberdinetako pertsonaiak protagonista dituzten filmetan, eta Bon Appetit horietako bat da, bikoizketak filmari eragiten dion kaltea are handiagoa dela. Zoritxarrez, ikusi ahal izan dudanaren arabera, Euskal Herrian ez dugu filma jatorrizko bertsioan ikusteko aukerarik.

Honako zinema aretoetan dago pelikula ikusgai:
Gasteiz: Abaco Boulevard, Florida,
Bilbo: Golem Alondegia, Zubiarte
Barakaldo: Coliseo Max Ocio
Getxo: Lauren Getxo
Donostia: Principe
Iruñea: Golem Baiona
Uharte:Itaroa
Viana: Las Cañas