"Body neutrality": Gure gorputzak diren bezala onartu

Gure gorputza eta besteena ezbaian jartzen dituen gizarte batean bizi gara. Argalegia dagoenari argalegi dagoela, gizena dagoenari, berriz, gizenegi dagoela, gorputz mota guztientzat bada kritika edo iritziren bat.
Ohartzen ez garena da, edertasun kanonak aldatzen doazela gizarteak aldatzen doazen heinean eta ezinezkoa dela gorputz mota guztiak irizpide beretara egokitzea. Hala ere, saiatu egitengara, gizarteak sartzen digun presioagatik. Hain justu, presio hau batez ere emakumezkoek jasan ohi dugu, eta horregatik, estetika ebakuntzetatik %83 emakumeenak izaten dira.
Presio horri aurre egiteko, osasun mentalaren eta sare sozialen garaian, hainbat kolektibok norbere gorputza eta besteena zalantza jartzen uztearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute body neutrality kontzeptuaren bidez. Norbere burua onartzea dela osasuntsuena aldarrikatzen dute.
Orain dela urte batzuk (2004 inguruan, Dove markak benetako edertasuna aldarrikatzeko kanpaina ezaguna martxan jarri zuen), body positive mugimendua sortu zen gorputz guztiek (neurri, kolore eta gaitasun ezberdinetakoak izanagatik) duten edertasunari ikusgarritasuna emateko.
Mugimenduaren mezu nagusia norbere gorputzaren onarpena da, gizartearen kanonei uko eginez. Ideal eskuraezina lortzeko ahaleginak egin beharrean giza-aniztasuna onartzea eta estereotipotik at dauden gorputz ezberdinak aldarrikatzea. Horregatik, mugimendu honek komunikabideak eta iragarkien sektorea kritikatzen du, fisiko arautuak erakusteko joera baitute eta horrek iruditeria kolektiboan modu ezkorrean eragiten baitu. Ordutik, body positive mugimendua indartzen joan da eta egun fast fashion marka askotan arropa neurri eskaintza zabalagoa aurkitu liteke.
Body neutrality mugimendua
Aldarrikatzen duena beharrezkoa bada ere, body positive mugimenduak kritikak ere jaso ditu, batez ere mugimendu barruko aktibisten aldetik. Uste dute marka ezberdinek negozioa egiteko bereganatu dutela.
Hori dela eta, batzuk jada ez dira eroso sentitzen kontzeptu honekin, eta orain dela urte gutxitatik hona body neutrality kontzeptua nabarmentzen hasi da. Kontzeptu honen alde dauden pertsonek uste dute ez dela norbere gorputza maitatu beharrik, onartzearekin nahikoa dela. Hau da, gure gorputza oso-osorik gustatzen ez bazaigu ere, berau den bezala onartu behar dela diote.
Pentsamolde honek mugimendu positiboek sortzen dituzten presioak arintzen ditu. Izan ere, askorentzat ez da erraza norbere inprefekzioak maitatzea, eta beraz, beraiekin bizitzen ikastea errazagoa zaie psikologikoki. Body neutrality aldarriak defendatzen du gure gorputzak gu bizirik mantentzeko gai direla eta horregatik onartu behar ditugula, baina gure gorputzaren neurri eta forma baino gehiago garela.
Neutralitate moduko bat da eta psikologo askok diote erdibide osasuntsua dela norbere maitasunaren bidean. Honela ez da inor gailtzaile sentitzen norbere gorputza maitatzera ez iristeagatik. Ez baita lorpen makala onartzea bera, gizarteak gorrotatzeko esaten dizunean. Beraz, zure gorputza maitatzea aukeratu zenezake, noski, baina baita gorputzean horrenbeste arreta ez jartzea ere. Gorputza zure autoa bailitzan moduan hautematea du body neutrality-tik, mugitu eta norabait eramaten nauena, plazera ematen didana, adierazteko aukera eskaintzen didana benetan naizen hori, barnekoa, erakusteko tresna izatea zure kanpoaldea, hau da, gorputza.