'Bob Trevino likes it' pelikula: aukeratutako familia

'Bob Trevino likes it' pelikula: aukeratutako familia Familian aurkitzen ez duguna, ingurukoengan topatzen dugunean gertatzen dena erakusten du filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bob-trevino-likes-it-pelikula-aukeratutako-familia/@@download/image/GwsAnDYXEAAOCAZ.jpeg
2025/09/01

Testua: Maitane Legarreta

Familian aurkitzen ez duguna, ingurukoengan topatzen dugunean gertatzen dena erakusten du filmak.
'Bob Trevino likes it' pelikula: aukeratutako familia

Tracey Laymonek idatzi eta zuzendutako komedia dramatikoa da Bob Trevino likes it.  Bertan kontatzen den istorioa erdi autobiografiikoa da, Laymonek berak bizi izandako hainbat egoera abiapuntutzat hartu baititu gidoia idazterakoan.

Euphoria telesailean ikusiko zenuen Barbie Ferreirak gorpuztu du Lily Trevino protagonista gaztea. Amak abandonatu egin zuen umea zela eta aita bere zilborrari begira bizi den izaki berekoia da. Lily aitaren maitasunaren eta onarpenaren bila aritzen da sarritan, baina aita komeni zaionean bakarrik gogoratzen da hartaz. 

Lilyk hanka-sartze bat egingo du eta aita neurrigabeki haserretuko da harekin. Aitarekin hitz egiten saiatuko da, modu batera zein bestera, baina ez du lortuko. Bere egunerokoan gurpil aulkian dagoen neska bat zaintzen aritzen da, baina gainerakoan ez du bizipoza eragiten dion gauza handirik eta nahiko bakarrik sentitzen da, bizitzaren aurrean jarrera baikor eta alai samarra badu ere.

Kale egindako ahalegin guztien ondotik, Facebooken sartu eta aitarekin komunikatzeko saiakera egingo du. Lagun eskaera bidaliko dio bertan topatutako Bob Trevinori eta hark atsegiteak emango dizkio Lilyren argitalpenei. Mezuak trukatzen hasi eta berehala jakingo du ez dela bere aita, baina adiskidetasun harremana sortuko da haien artean, adinean aldea izanik ere. 

Bob Trevinok (John Leguizamo aktorea) eraikuntza enpresa batean lan egiten du eta hark ere iraganeko gertaera baten ondorioz sortutako zauri sakona du. Emazteak ere samin bera du barruan eta paper bereziz eta argazkiz osatutako albumak egitea da bere heldulekua.  

Berotasuna eta babesa behar duten bi pertsonaren elkarketa ikusten da pelikulan. Haien zauriak eta ezintasunak dituzte baina onberatasunak eta eskuzabaltasunak batzen ditu. Norberak aukeratutako familiaren inguruan hausnartzeko balio du haien arteko harremanak.

Gertaera eta egoera gordinak kontatzen diren arren, eszena arinak eta umoretsuak daude, eta horri esker errazago egiten du bidaia ikus-entzuleak. Ezusteko latzak ere gertatzen dira, baina hala eta guztiz ere, korapiloak korapilo, ondo sentiarazten zaituen eta itxaropena ematen duen filma da.