Boardwalk Empire: Alkohola debekatu; kriminalak errege bihurtu

Boardwalk Empire: Alkohola debekatu; kriminalak errege bihurtu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/boardwalk-empire-alkohola-debekatu-kriminalak-errege-bihurtu/@@download/image/empire_1427461882.jpg
2015/02/10
erreportajea
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
56 atalen ostean, harrokeriarik gabe eta zarata gutxi ateraz, betiko agur esan digu telesail ‘erraldoi’ honek. Bost urtez jarraitu dugu pertsonaia ahaztezinez jositako istorio izugarri eta bortitza; telebistaren historian letra larriz idatzita geratuko diren sekuentzia eta une hunkigarri zein beldurgarriz osatutako antologia dramatikoa.


Urtea: 2010-2014.
Zuzendariak: Timothy Van Patten, Allen Coulter, Jeremy Podeswa.
Ekoizleak: Terence Winter (The Sopranos), Martin Scorsese, Mark Wahlberg.
Aktoreak: Steve Buscemi, Kelly Macdonald, Shea Whigham, Michael Shannon, Stephen Graham, Michael Pitt.
Herrialdea: Amerikako Estatu Batuak.
Denboraldiak: Bost.
Atal kopurua: Lehen lau denboraldiek hamabi atal dituzte eta azkenak zortzi. Guztiek 60 minutuko iraupena dute.

Mafiari eta krimenari buruz hamaika film eta telesail ikusi ditugu, baina horietan konplexuena eta biribilena izan liteke Boardwalk Empire. The Godfather (Francis Ford Coppola, 1972), Scarface (Brian De Palma, 1983) edota Goodfellas (Martin Scorsese, 1990) bezalako maisulanak dakarzkigu aldika burura, eta horrek telesailen olinpora zuzenean sartzeko baimena ematen du.

Istorioa Atlantic City hirian kokatzen da, eta 1920an hasi eta 1931n amaitu; ondorioz, AEBetan lege-lehorra indarrean egon zen garaia du aztergai. Garai hartan negozioaren capoetako bat izan zen Nucky Johnson du protagonista. Bost denboraldi sutsutan zehar ikusiko dugun bezala, bizitza zaila izan zuen, eta negozio ilunetara egindako bidaia progresiboak inolako barkamenik merezi ez duen gangster bihozgabe bihurtu zuen.

Pertsonaien arteko borroka morala izan da, heriotza eta erredentzioarekin batera, telesail osoa harilkatu duen gaia, eta istorio kaleidoskopioaren bitartez AEBetan krimen antolatua nola sortu zen erakutsi digu. Horri oso gutxitan ikusi dugun giropen-lan ikusgarria eta atal tekniko bikaina gehituz gero, maisulan baten aurrean gaudela ohartzen gara.

Hala ere, meritua ez da Terence Winter gidoilariak (Martin Scorsese handia guztia gainbegiratzen izan duela) sortu duen istorioarena eta alderdi teknikoarena soilik. Telesailaren euskarririk sendoena pertsonaia ahaztezinez jositako armiarma sare perfektua da, eta horiek gorpuzten dituzten aktoreen lan bikaina. Ongia eta gaizkia gorpuzten dituen Margaret, Al Capone basati eta izugarria, Arnold Rothstein eta bere esne edalontzia, krimen antolatuaren aita Lucky Luciano edota guztion pertsonaia kuttun izatera heldu den Richard Harrow dituen telesailak ez du askoz gehiagorik behar.
Kasinoak, prostituzioa, gangsterrak, tiroak eta politikari ustelak nonahi. Azken finean, The Sopranos telesailak gure barnean utzi zuen hutsune hori betetzea lortu duen mundua izan liteke.

BINGE WATCHING
Zin-zinez gomendagarria atalak gutxienez
hirunaka ikustea.

MUSIKA-ERREPRODUZITZAILERAKO
- Straight Up and Down (The Brian Jonestown Massacre).
- Strut Miss Lizzie (David Johansen).
- Old King Tut (Eddie Cantor & Lillian ‘Billie’ Kent).
- I Never Knew I Had a Wonderful Wife (Until the Town Went Dry) (Eddie Cantor).
- O Lola, ch’ai di latti la cammisa (Enrico Caruso).
- Some of These Days (Sophie Tucker).
- Maple Leaf Rag (Scott Joplin).

BITXIKERIAK
- Nucky Thompsonen papera egiteko
hautagaien artean Alec Baldwin aktorea
izan zen.
- Mark Wahlberg Martin Scorsesere konbentzitu nahian dabil Boardwalk Empire filma zuzen dezan.
- Martin Scorsesek zuzendu zuen telesailaren lehen atala historiako garestienetakoa izan zen: hemezortzi milioi dolarreko aurrekontua izan zuen.
- Pertsonaia bat hiltzera doan bakoitzean, Terence Winter gidoilariak aldez aurretik aktoreari telefonoz deitzen dio.
- Lehen hiru denboraldiek Emmy sarietarako 40 izendapen lortu zituzten.

LOKALIZAZIOAK
- Gezurra badirudi ere, ez da Atlantic City hirian errodatu, New Yorken baizik.
- Barneko eszenak Hollywoodetik kanpo AEBetan dauden estudiorik handienetan errodatu dira, Brooklyngo Steiner estudioetan.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
- The Soprano (1999).
- Peaky Blinders (2013).
- Gomorra (2014).