Blusa eta nesken eguna Gasteizen

Blusa eta nesken eguna Gasteizen Andra Mari Zuriaren jaien atarian, hiriko kuadrillak izango dira protagonista https://www.gaztezulo.eus/albisteak/blusa-eta-nesken-eguna-gasteizen/@@download/image/Barrika_Lasterketa_II.jpeg
2017/07/24
albiste-laburra
Andra Mari Zuriaren jaien atarian, hiriko kuadrillak izango dira protagonista
Blusa eta nesken eguna Gasteizen

Gasteizko jaiak (abuztuak 4–9) ate-joka datoz eta, girotzen hasteko, blusa eta nesken eguna ospatuko dute bihar (hilak 25) hiriburuan.

Halako egunez ohikoa den baratxuri salmentaz gain, kuadrillen batzordeak antolatutako hainbat ekimenek emango diote mamia egunari. Hala, Ardo Upelen II. Lasterketa egingo dute Espainia plazan, goizeko 11:30etatik aurrera. Txapelketa bitxi hau antolatzen duten bigarren urtea da eta polemika handia eragiten zuen asto-lasterketa ordezkatzera dator.

12:30ean, Foru plazan, berriro ere blusak eta neskak izango dira protagonista, oraingo honetan herri kirolen erakustaldian parte hartuz. Sokatiran eta artaburu-bilketan ariko dira nor baino nor.

17:00etan, Espainia plazatik, Eduardo Dato eta Florida kaleetan barrena, Berpizkundearen plazaraino joango dira kalejiran kuadrilla guztiak. Eta 18:00etan, Iradier Arena, Super Grand Prixa egingo dute.

Bigantxek, artisau azokak, Emakumeen Gomazko Paleta Finala eta beste hitzordu pila batek osatuko dute Gasteizko Jaien ataria izango den egun berezi hau.