Blues musikaz girotuko dute Zizurkil bihar

XVIII. Blues Gaua azken orduan bertan behera geratu zen pandemia zela eta. Aurten ere tabernetako kontzertuak ezin izan dira egin, baina ez dute ekintza baztertu nahi izan. Horrela, Joxe Arregi plazan egingo dituzte kontzertuak arratsaldeko zazpietan hasita. Zizurkilgo Udalak antolatu du jaialdia, bertako ostalari batzuen lankidetzarekin, eta doakoa izango da.
Antolatzaileen hitzetan, "aurten musika beltzaren moldeen hotsak entzuteko parada izango da bi talde berezirekin. Bata, Euskal Herriko eta Kataluniako goi mailako musikarien kontzertu akustikoa, eta, bestea, Espainian kokatutako front-woman afrikarrak zuzentzen duen banda indartsua. Bakoitzak bere onena eskainiz".
Hain zuzen ere, Joan Pau Cumellas eta Paul San Martin musikariek emango diote hasiera jaialdiari. Cumellas bartzelonarrak aho-soinu diatonikoa jotzen du, eta hainbat musikari eta talderekin lan egin du, blues, jazz, country edota folk musika uztartuz. Paul San Martin piano-jotzaile eta abeslari donostiarra musika beltzean aritua da, bereziki blues-ean, eta musika tradizio hori sakon ikasi, ikertu eta landu du.
Arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera, Koko-Jean & The Tonics taldea izango da agertokian. Bartzelonako soul eta rythm & blues eszena astindu zuen abeslari afrokataluniarrak duela urte batzuk, The Tonics taldearekin (Anton Jarl, Victor Puertas eta Dani Baraldes) abentura berri bila abiatuta . Koko-Jean & The Tonics-ek 2020ko otsailean egin zuen diskografian debuta Hairwhip EParekin, eta aurten Shaken & Stirred aurkeztekoak dira, soul, blues eta rock & roll dosi handiak dituen estreinako diskoa.