Blogosfera arakatzen

Blogosfera arakatzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/blogosfera-arakatzen/@@download/image/69p50_1365097803.jpg
2006/12/01
erreportajea
Gorka Julio
Blogosfera arakatzen
Euskaraz eta beste hizkuntzetan, perretxikoak bezala ugaltzen ari dira blogak. Gero eta iturri gehiago ditugu, bai informazioa eskuratzeko, bai irakurtzeko. Blog horietako zenbait ezagutzen ditugu, baina zaila egiten zaigu gure intereseko gaiekin zerikusia duten blog berriak aurkitzea. Horregatik, gaurkoan, blog bilatzaile batzuen berri emango dizuegu.  

Blogak asko zabaldu dira interneten, eta, ondorioz, informazio-iturri berri horiek bilatzeko eta antolatzeko, era berriak sortu dira: blog bilatzaileak. Hona hemen blog bilatzaile horietako batzuk:

Technorati http://www.technorati.com Munduko blog askotan bilatzeko aukera ematen du. Bilaketa arruntak ez ezik, parametro ezberdinen araberako bilaketak egiteko aukera ematen du; blogaren garrantziaren arabera, hizkuntzaren arabera, gaiaren arabera, etab. Horrez gain, bilatutako elementuei buruzko agerpen grafikoa ere erakusten du. Egindako bilaketak jario bitartez jaso ditzakezu (ikus GAZTETXULO 53 zenb).

Ice Rocket http://www.icerocket.com. Technorati baino mugatuagoa da, baina honek ere blog askotan bilatzeko aukera ematen du. Bilaketen grafikoez gain, hainbat bilaketen arteko konparaketa ere erakusten du, eta, hartara, bilaketa ezberdinen konparazioa egin dezakezu. Honek ere, aukera ematen du bilaketak jario bitartez jarraitzeko.

Blogpulse http://www.blogpulse.com Joerak aztertzeko balio du blog bilatzaile honek. Grafiko interesgarriak erakusten ditu blogosferaren egoera ezagutzeko, eta grafikoan bertan ikusten diren aldaketetan klikatuz gero, horiei buruzko informazioa agertuko zaigu. Ice Rocketen bezala, konparaketak egin ditzakezu hainbat bilaketen artean.

Ask Blog Search http://ask.com/?tool=bls. Blogak eta jarioak bilatzeko tresna interesgarria. Bilaketa egin ostean, bilatutakoarekin zerikusia duten jarioak erakusten dizkigu. Era horretan, bilaketak egiteaz gain, blog eta jario berriak topatu ahal izango ditugu. Bestalde, jario horietan harpidetzeko bide azkarra ere eskaintzen du. Gainera, badu prismatikoak izeneko tresna txiki bat ere; horren bidez, bilatutako informazioa ikus dezakezu, bertara sartzeko beharrik gabe, aurrebista moduko bat balitz bezala.

Google Blog Search http://blogsearch.google.com Googleren blog bilatzailea. Dataren arabera egin ditzakezu bilaketak (azken ordua, azken 12 orduak, azken egunak, etab). Besteek bezala, honek ere bilaketa jarioen bitartez jarraitzeko aukera eskaintzen du, eta, horrez gain, bilaketen emaitzak garrantziaren arabera ere antola daitezke.
Beste bide batzuk

Zabaldu
http://www.zabaldu.com Jendeak, blogosferan eta beste hedabideetan aurkitutako informazioa bidaltzen du atari honetara. Hauxe da bere berezitasuna: jendeak gehien bozkatutako berriak agertzen direla portadan. Hedabide alternatibo berri honetan, edonork du parte hartzeko eta berriak bidaltzeko aukera. Hasieran, bidalitako berriak itxarote-ilaran gelditzen dira, eta jendeak bozkatu ahala, portadan agertzen hasten dira. Informazioa errazago bilatu ahal izateko, berriak hainbat kategoriatan banatuta daude. Kategoria bakoitzak jario propioa du, bertan harpidetu eta gai horri buruzko informazioa jaso nahi dutenentzat.

Blogari http://www.blogari.net Zure blog propioa euskaraz sortzeko aukeraz gain, gune honetako blogetan idatzitakoa ikusteko, eta elkarrizketak jarraitzeko aukera ere badago lehenengo orrian.  http://www.blogak.com Hemen ere blog propioa sor dezakezu. Bertako blogetan idatzitako azken informazioa erakusten du portadan, irudiarekin batera.

Nireblog http://nireblog.com/eu Hainbat hizkuntzatan sor daiteke bloga; euskaraz, besteak beste. Hizkuntzari dagokion hasierako orrian, azken mezuak eta etiketak ikus ditzakezu.