Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko bildumaren zazpigarren liburua kaleratu da

Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko bildumaren zazpigarren liburua kaleratu da Marta Goikoetxeak eta Iñaki Landak sortutako 'Martxanterak' da azken alea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizkaiko-pertsonaia-herrikoiei-buruzko-bildumaren-zazpigarren-liburua-kaleratu-da/@@download/image/717551710_202306051036012193109_25409.jpg
2023/06/06
Marta Goikoetxeak eta Iñaki Landak sortutako 'Martxanterak' da azken alea.
Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko bildumaren zazpigarren liburua kaleratu da

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen Ipuinak bildumaren zazpigarren liburukia, Martxanterak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da, ohiko moduan. Bilduma hau publiko gazteari zuzendua dago eta lurraldeko pertsonaiak modu hurbil eta ez formalean erakustea du helburu.

Liburu honen ardatza Martxanterak dira, Durangoko Santa Maria elizpearen babesean euren bizitzako hamarkadak eman zituztenak egunero, neguan zein udan, gozokiak, jostailuak eta litxarreriak saltzen postu ibiltarietan, goizean goizetik hasita.

Alaia eta bere familia dira liburuko protagonistak. Amaren urtebetetze egunean neskatoak oraindik ez du opari egokia aurkitu, eta Boniren laguntza funtsezkoa izango da horretarako. Durangoko azken martxanterak edozein helburu lortzeko pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak direla erakutsiko dio, neskatoak diaboloarekin jolasten duen bitartean.

Martxanterak liburuaren egileak Marta Goikoetxea idazlea eta Iñaki Landa ilustratzailea dira, eta ostiralean aurkeztuko dute liburua, 12:00etan, Bilboko Liburu Azokan.

Bilduma honetako aurreko argitalpenak honako hauek dira: Mikel Gil Sojo eta Andrea Alonso Vargaseren Gargantua txapeldun; Idoia Barrondo eta Nuria Hacheren Marijaia; Begoña Elorrieta eta Alex Orberen Erraldoiak; Andoni Abenojar eta Eider Eibarren Eskarabillera; Gotzone Butron eta Kike Infameren Sardinerak; eta Itziar Minguez Arnaiz eta Gastonen SuperZirgariak.

Ipuinak bilduma salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazioa 7, Bilbo) eta online www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean.