Bizkaiko jatetxe eta sukaldaritza eskolek '50 urte, 50 errezeta' liburu solidarioa egin dute

Mercabilbaoren 50.urteurrenaren barruan, 50 urte, 50 errezeta liburu solidarioa kaleratu dute. Bilboko eta Bizkaiko jatetxeetako sukaldariek eta Bilboko, Galdakaoko eta Leioako Ostalaritza Eskoletako sukaldariek egindako 50 sukaldaritza proposamen bildu dituzte bertan. Errezeten artean, hasierakoak, arrain, itsaski, eta haragi-plater nagusiak eta postreak jaso dituzte.
Salmentarekin bildutako diru guztia Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko dute. Izan ere, Mercabilbao erakunde horrekin lankidetzan ari da duela 25 urte baino gehiagotik, bai handizkako enpresek elikagaiak emanez, eta baita Basauriko instalazioetan lokala utzita ere.
Liburua banatzeko, Mercabilbaok Bilbao Dendak eta Bizkaidendak erakundeen laguntza du, eta bi erakunde horien barruan dauden saltokien eta enpresen bidez salduko dute liburua, 5 euroko prezioan. Liburu honen bidez, Mercabilbaok "sukaldaritzan pauso bat ematera eta sukaldaritzarako dituzten dohainak probatzera" gonbidatu ditu herritarrak.