Bizkaiko emakume sortzaileen topaketa antolatu dute Bilbon
Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian azaroaren 19an, larunbata, hainbat helbururekin: sarea osatzea, elkarren berri izatea, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzea, zenbat diren ikustea, nolakoan diren ikastea, eta ertzetan daudenak erdigunera eramatea. "Ezagutzen ez dena ezin da maitatu, ezin da miretsi, ezin da kontatu…”, azaldu dute antolatzaileek.
Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaile eta abeslaria da BEST Topaketen lehen edizio honetako irudia, zeberiotarrari egindako keinu eta omenaldi gisa.
Egitarauari dagokionez, "goizean hitza izango da nagusi eta arratsaldean, aldiz, ekintza". Goizeko hamarretan Plaza Berriak izeneko mahai-ingurua izango da, Lara Izagirre, Itziar Atienza eta Ainhoa Artetxerekin, Ane Zabalaren gidaritzapean. Jarraian, musikaren transmisioaz eta misioaz arituko dira Ane Martinez, Nerea Alberdi eta Maria Rivero, Leire Palaciosek gidatuta. Hirugarren mahai-inguruan, berriz, Laura Mintegi, Alaine Agirre eta Lizar Begoñak literaturako erreferenteak izango dituzte hizpide, Palaciosekin. Goizeko jardunaldia borobiltzeko, Ane Lindanek TxorOndorioak eskainiko du.
Arratsaldean, bostetan, Leire Vargasek gidatutako Berbak sare poesia errezitaldia izango da eta honako hauek parte hartuko dute: Maddi Zabalo, Izaro Bilbao, Nora Garmendia, Dafne Gonzalez, Leire Ugadi, Amaia Barrena, eta Libe Goitia Artetxe. Ordubete geroago, Akordeak sare musika emanaldia taularatuko dute Noah Cliff, D’Capricho eta Ane Zugazak. Maren Basterretxeak Igaro antzezlana estreinatuko du ondoren, eta, azkenik, Ainhoa Artetxe eta Graciela Donizek Winona & Grace Backstage eskainiko dute, ikus-entzuleak antzezlanaren barne prozesuan murgiltzeko.
Topaketan parte hartzeko izen-ematea webgunean egin behar da.

