Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa jokatuko dute Mungian

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa jokatuko dute Mungian Finala abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizkaiko-bertsolari-txapelketaren-lehen-kanporaketa-jokatuko-dute-mungian/@@download/image/image_preview.jpeg
2023/09/29
Finala abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa jokatuko dute Mungian

Igandean, urriak 1, hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango ditu Txapelketak, eta lehen kanporaketa jokatuko da igandean Mungiako Olalde aretoan, 17:00etatik aurrera.

Honako bertsolari hauek kantatuko dute lehen saioan: Araitz Katarain Mugarza, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionandia. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Zihara Enbeita Gardoki arituko da gaiak jartzen, eta epaimahai lanetan, berriz, honako hauek: Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Itziar Basterretxea Olarreaga izango da idazkaria.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Sarrerarik geratuz gero, Olalde aretoko txarteldegia zabalduko dute, 16:00etan.

Gainerako saioak
Mungiaz gain, honako herrietan jokatuko dira beste kanporaketak: Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira azaroaren 11n, 18an eta 25ean hurrenez hurren. Finala, berriz, Bilbon izango da abenduaren 16an.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute, Udabarria Bertsotan-etik sailkatutako hogeita hamar bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera hamaika bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren zazpi bertsolariak, 2021ean finalista izan zirenak. Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.