Bizkaiko bertso munduko emakumeen* topaketa egingo dute maiatzean

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, topaketa honek Bizkaiko bertso munduko emakumeak* batu nahi ditu, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak, elkar ezagutu eta saretzeko asmoz. Lehen topaketa antolatzeko batzar irekia egin zuten martxoan eta bertan adostu zuten topaketaren oinarria "gozamena" izango dela, hau da, "elkarrekin egon eta ondo pasatzea". Gogoeta eta hausnarketarako tartea aurreragorako utziko dutela argitu dute.
Maiatzaren 22an elkartuko dira Markina-Xemeinen, eta eguna poteoarekin hasiko dute, 12:30ean. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute eta, bazkal ostean, 17:00etan, bertso saioa egingo da, bertsolari askoren parte hartzearekin.
Izena emateko formularioa bete behar da aurrez. Astebete lehenago itxiko dute izena emateko aukera. Bazkaria egunean bertan ordainduko beharko dela jakinarazi dute eta hemezortzi euroko kostua izango duela.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak herrialdeko bertso munduko emakumeei* animatzeko deia egin die, "zenbat eta parte hartzaileagoa eta anitzagoa izan, orduan eta aberatsagoa" izango delako.