Bizkaiko 13 emakumeren lekukotzak liburuan jasota

Bizkaiko 13 emakumeren lekukotzak liburuan jasota Euren bizi-istorioak eta esperientziak bildu ditu Alazne Diez plentziarrak, emakumeek egindako lanaren balioa nabarmendu nahi duen argitalpenean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizkaiko-13-emakumeren-lekukotzak-liburuan-jasota/@@download/image/GanbaraArgitua_content.jpg
2021/11/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euren bizi-istorioak eta esperientziak bildu ditu Alazne Diez plentziarrak, emakumeek egindako lanaren balioa nabarmendu nahi duen argitalpenean.
Bizkaiko 13 emakumeren lekukotzak liburuan jasota

Alazne Diez Muñiz soziologo eta antropologo bizkaitarrak Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak liburua argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Liburu honetan 1935. eta 1952. urteen artean jaiotako 13 emakumeri egindako elkarrizketak bildu ditu egileak, askotariko testuinguruak islatzen dituztenak. Eremu pertsonalean kontatutako bizi-istorioak eta esperientziak dira, eta "indar handiz entzuten da inguruko hainbat pertsonaren ahotsen oihartzuna, eragin handia izan baitute gaur egun diren horretan".

Liburu honen helburua emakume hauen eta identifikatuta senti daitezkeen beste askoren lanaren balioa nabarmendu eta aitortzea da. Honela azaldu dute argitalpenaren funtsa: "Beren buruak eraiki dituzten emakumeak dira, mugak eta oztopoak gainditu zituztenak garai zailetan eta distira egitera iritsi zirenak, eta hala jarraitzen dutenak, urteetan zehar metatutako esfortzuari eta konstantziari esker. Liburu honen bidez lortu nahi dena da arduraren eta egoerak gainditzeko gaitasunaren adibide diren bizipenok eredu gisa balio izatea, beste belaunaldi batzuentzako itsasargi edo gidari gisa. Generoen arteko berdintasuna erdiesteko egindako urrats garrantzitsuenak ezagutzeko irrika, egiteko gelditzen direnak aztertzekoa eta ekitatea egiazkoa izan dadin lortzeko jarraibide posibleak ikustekoa". 

Honako hauek dira parte hartu duten emakumeak: Maria Luisa Amigo Fernandez de Arroiabe, Miren Josune Ariztondo Akarregi, Ana Begoña Arzoz del Castillo, Miren Begoña Goikoetxea Gandiaga, Maria Ascension Larrucea Gomez, Agapita Lavin Setien, Miren Olga Macia Olaeta, Maria Begoña Madariaga Otaola, Celia Marañon Garcia, Petra Benedicta Markaida Barrenetxea, Maria Jesus Meñaka Gangoiti, Blanca Estrella Ruiz Ungo eta Clara Zabalo Garcia.

Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiaren atarian eros daiteke.