Haur eta gazteentzako 'Bizkaidatz Txikia' literatura lehiaketaren hamargarren edizioan parte hartzeko epea zabaldu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bizkaidatz Txikia haur eta gazteentzako literatura lehiaketaren hamargarren edizioa martxan da, lurraldeko haur eta gazteei zuzendua. "Sormena askatzeko eta ideiak idatziz adierazteko" leku bat dela nabarmendu dute, "ikasteko eta hazteko aukera bat, eta, batez ere, kulturalki etorkizun aberatsa eta anitza ereiteko".
Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten ari diren hamasei urte arteko haur eta gazteek har dezakete parte lehiaketan.
Idoia Carramiñanak eta Mónica Garciak eman diete hasiera aurtengo kontakizunei. Idoia Carramiñanak Zer erremedio! izeneko proposamena egin du istorioa hasteko. Monica Garciak, berriz, Una nueva familia izeneko kontakizuna abiatu du gaztelaniaz. Euskarazkoaren testua Iker Oruetak ilustratu du eta Jesse izan da gaztelaniazkoaren irudien sortzailea.
Parte hartzen duten haurrek edo gazteek istorioari, pertsonaiei eta hasierako kontakizunean proposatutako kontatzeko moduari egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, euskaraz zein gaztelaniaz. Bi modalitateetan ere irabaz dezakete, epaimahaiak hala erabakiz gero.
Kontakizunak otsailaren 9ra arte aurkez daitezke, 13:30era arte hain justu ere. Testu guztiek gutxienez lau orrialde eta gehienez bost izango dituzte. Obrak eskuz edo postaz aurkeztuko dira erregistro eta herritarren arretarako Laguntza bulegoan (Diputazio kalea, 7 - 48008 Bilbao). Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira: www.ebizkaia.eus.
Lehiaketaren oinarri guztiak www.bizkaia.eus/foruliburutegia-n aurki daitezke eta irabazleen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez jakinaraziko dira.
