Bizkaian sare sozialen inguruko lantegiak antolatu dituzte gazteentzat

Azkue Fundazioak sustatutako Bziber egitasmoak sare sozialei buruzko lantegiak prestatu ditu gaztetxoentzat maiatzean. Bizkaiko hiru lekutan izango dira: maiatzaren 14an, Arrigorriagako Gaztegunean; maiatzaren 21ean, Lekeitioko Kultur Etxean; eta maiatzaren 29an, Ortuellako Kultur Etxean.
2008 eta 2011 urteen artean jaiotakoek eman ahalko dute izena Bziber Lantegietan. Lau orduko tailerretan TikTok, Instagram eta Twitch plataformen erabilera azalduko dute, eta edukiak nola egin eta nola igo behar diren erakutsiko dute. Gainera, sareetako influencer euskaldunak ere ikusiko dituzte elkarrekin. Bestetik, edukia sareetara igotzeak ere zer eragin duen hausnartuko dute denen artean, eta norbere burua grabatu ostean zer gertatzen den ere jakingo dute.
Lantegietan parte hartzeko webgunean eman behar da izena.