Bizitza xalo batez gozatzen ikasteko beharra

Bizitza xalo batez gozatzen ikasteko beharra Gauza gutxi nahikoak dira zoriontsu izateko. Lehendik bagenekien hori, baina orain pandemiaren arazoarekin inoiz baino argiago gelditu zaigu. Hala ere, normalitate berri honetan berriz ere aurreko erritmo eta ohitura kaltegarrietara itzultzen ari gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizitza-xalo-batez-gozatzen-ikasteko-beharra/@@download/image/pngtree-a-person-teenage-girl-life-little-bird-png-image_32202.jpg
2020/07/03

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gauza gutxi nahikoak dira zoriontsu izateko. Lehendik bagenekien hori, baina orain pandemiaren arazoarekin inoiz baino argiago gelditu zaigu. Hala ere, normalitate berri honetan berriz ere aurreko erritmo eta ohitura kaltegarrietara itzultzen ari gara.
Bizitza xalo batez gozatzen ikasteko beharra

Bizitza sinple edo xaloago bat aukeratu zuen mundu osoarentzat pandemiak, konfinamendu garaian hori ez zen aukera bat, inposizio bat baizik. Pandemiak esperientziaren ekonomiarekin, hau da, mila gauza egitearekin, mila leku bisitatzearekin, hautsi zuen, dugunaz gozatzera behartuz. Honek guztiak erakutsi digu bizitza sinpleago bat ez dela ederra, baizik eta beharrezkoa. 

Baina zergatik da gutxiago gehiago? Zergatik egin dute historian zehar filosofo ezberdinek bizitza xalo baten aldeko aldarria? Konfinamenduan egon beharrak erakutsi digu astero arropa erostera joan gabe ere bizi gaitezkeela, edo modako jatetxeetara maiz joan gabe. Ez hori bakarrik, euren soldata mantendu ahal izan duten pertsonek ikusi dute zituzten gastuak murriztuta euren irabaziak hazi ditzaketela. 

Berrogeialdi honetan askok aurkitu dute eskura dituztela plazera ematen dieten hainbat jarduera: sukaldea, etxea edertzea, marraztea, landareak zaintzea... Lehen arreta jartzen ez genien jarduerak dira. Hauek luxuak dira pertsona askorentzat eta ez gara ohartzen. Askok euren senitarteak gaixo dituzte edo hil egin dira, ez dakite noiz ordaindu ahalko dituzten fakturak eta antsietatearekin bizi dira. Bizitza sinplearen plazerez ohartzea errazagoa da horrelako arazoak bizi beharrik gabe, ondo gaudenean ez dugu ikusten ordea 

Zein dira bada plazer xume horiek? Norberak xumetasuna nola ulertzen duen da gakoa. Bizitza xaloak hainbat esanahi izan ditzake. Adibidez, modu merkean bizitzea, buru askia dena, naturan bizi dena, eguneroko errutinan zoriontasuna aurkitzen duena.... adibide hauetako bakoitzak plazer partikular bat eskaintzen du. 

Hala ere, askorentzat bizitza sinple baten barruan sartzen diren jardueren atzetik teknologia konplexuak daude eta ez gara ohartzen. Aurretik grabatutako abesti bat entzutea esaterako, soilik posible da horretarako makinaria badugu. Alta, Epicuro-k esaten zuenez gauza gutxi behar zituen zoriontsu izateko, baina bazegoen bat ezinbestekoa zena bere ustez: laguntasuna. Azken finean, konpainia on bat, ardo kopa bat eta plater goxo bat nahikoa dira, ezta? Luxurik gabeko bizitzak benetan garrantzitsua denaz ohartzera garamatza. Ez da erraza ordea, horrenbeste iragarki eta eskaintza eskura eskura edukita kapitalismoaren jokoan ez erortzea.  

Ez al da nahikoa izan berrogeialdian zeru urdin urdina, eta natura arnasa hartzen ikustea bidea hori dela ikusteko? Noiz arte iraun dezake xahutzeko irabaztearen gurpilak? Zoriontasuna ezin da erosi, denon eskura dago. Galdera da: zerbait ikasi ote dugu guzti honetatik?