Bizitza musika klasikoz jantzia

Bizitza musika klasikoz jantzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizitza-musika-klasikoz-jantzia/@@download/image/57p8-1_1366326070.jpg
2005/11/04
erreportajea
Luzia Alvarez
Bizitza musika klasikoz jantzia
Musika klasikoa ez dago oso hedaturik gazte munduan; musika zaharkitu eta seriotzat hartzen baitute gehienek. Hala ere, gure artean badira beren bizitza musika honetaz jantzi duten lagunak. Horren adibide da Euskal Herriko Gazte Orkestra, 16-21 urte bitarteko gazteek osatutakoa. Oraingo honetan, orkestra honetako lau kiderekin hitz egin dugu. Musika klasikoak gazteengan sortzen dituen errezeloak uxatzen saiatu gara.                     

1997an jaio zen Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO), Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak bultzatuta. Orkestra-heziketa Euskal Herriko musikari gazteei helaraztea zen Jaurlaritzaren helburua. Gaur egun, Juan Jose Ocon da orkestraren zuzendaria. Ainhoak, Anderrek, Nievesek eta Iraidek umetan hasi zituzten musika-ikasketak. Hala, oso gazteak diren arren, orkestra horren partaide dira gaur egun, eta beren ikasketak musikara bideratu dituzte. Argi dute guztiz bateragarriak direla gaztetasuna eta musika klasikoa; haiek dira horren adibide argia. Musikari hauekin solasean aritu gara, eta musikan nola hasi ziren kontatu digute, eta baita, gaur egun, beren dedikazioa nola bizi duten.

Aurten, Euskal Orkestra Sinfonikoan jotzeko beka bat lortu dute Ainhoak, Anderrek, Nievesek eta Iraidek. Beka horrek orkestra profesional baten dinamikan murgiltzeko aukera ematen die. Baina lauak ados daude, oso bestelakoak direla Gazte Orkestran eta Orkestra Sinfonikoan lan egiteko era. "Dena askoz azkarrago doa", dio Anderrek. Hala ere, muturreraino aprobetxatuko dute beka horrek eskaintzen dien esperientzia; musika klasikoa beren bizitzaren oinarri bihurtu baita.

Iraide Sarria Leioa 22 urte biola



Iraideren etxean ez dago musikaririk. Ama gitarra jotzen hasi omen zen, baina laster utzi zuen. Nolanahi ere, besteak bezala, gurasoek eraman zutelako hasi zen solfeoa ikasten. "Eskolaz kanpo egiten den zerbait da, eta jendeak ez du ezagutzen. Ezagutzen ez badute, zaila da gazteak musika klasikoaren munduan sartzea".

Iraidek, Nievesek bezala, ez du jotzen hasieran aukeratutako instrumentua. "Nik akordeoia jo nahi nuen, baina ez zegoen tokirik. Eskuak begiratu zizkidaten, eta esan zidaten egokiak zirela biola jotzeko. Arraroa da, musika-eskola gehienetan ez baitago biola-irakaslerik. Jende gutxik eskatzen ditu biola jotzeko klaseak".

Bere inguruan normal hartu dute Iraidek musikaren bidea hartu izana. "Beste edozer ikastea bezala da. Ez zaie arraroa iruditu". Hala, beste batzuek zuzenbidea ikasten duten bezala, musika beste edozein karrera profesionaltzat hartzen du gazte honek. Gainera, ikasteko ere erabili izan du musika klasikoa Iraidek. "Oso egokia da erlaxatzeko, eta, ikasteko, hori behar da, erlaxazioa.".

Ainhoa Galvany Irun 19 urte biolina



Ainhoaren familian musikariak egon izan dira beti, eta horregatik hasi zen bera ere solfeo-ikasketak egiten. Gurasoek bultzatu zuten horretara, kasu gehienetan bezala, baina denborarekin atsegin hartu zion, eta bere ikasketak musikara zuzendu ditu. "Gurasoek eraman ninduten arren, txikitan oso ondo pasatzen nuen solfeo-eskoletan. Horregatik gustatzen zaizu gero eta gehiago". Gurasoek lagundu zioten instrumentua aukeratzen: "Haiek biolina edo biola aukeratzea gomendatu zidaten. Azkenean, instrumentuak ezagutzen ez badituzu, norbaitek aholkatu behar dizu". Etxean musikariak egonda, oso erraz onartu dute Ainhoak musikaren bidea hartu izana. Lagunei, hasieran  zirrara sortzen zien bere erabakiak. "Benetan hori bada gustuko duzuna, berdin dio zer dioten lagunek. Azkenean, guztiz asimilatzen dute. Gainera, niri ez zait iruditzen horren arraroa denik; beste edozein jarduera egitea bezala da. Ezagutu egin behar da". 

Nieves Coscoyuela Zaragoza 23 urte biolontxeloa



Hasieran, EGOn soilik Euskal Herriko musikari gazteak aritzea proposatu zen arren, inguruko probintzietako musikariei ere egin zaie bertan jotzeko deialdia, bizitokia Hego Euskal Herriko lau probintzietatik gehienez ere 150 kilometrotara izanez gero, betiere. Nieves da horren adibide. Zaragozan gazte-orkestrarik ez dagoenez, EGOrako frogak egitea erabaki zuen. Kasu honetan ere, ez zuen berak hartu musikan hasteko erabakia. "Txikitan, ezin duzu ongi jakin zer egin. Gurasoek sartu ninduten musikan, asko gustatzen baitzaie musika klasikoa, eta denborarekin gustura sentitzen hasi nintzen. Kostatu egiten da, lagunak hor zehar dabiltzan bitartean, zuk biolontxelo eskolara joan behar duzulako, baina tira. Momentu batean, norberak erabakitzen du ea jarraitu edo ez. Nik jarraitu egin nuen. Aldaketa-unea udako ikastaroak egiten hasten zarenean ailegatzen da; lagunak oporretara joaten diren bitartean, gustuko duzuna egiten ari zara". Instrumentua aukeratzerako orduan, faktore ekonomikoa garrantzizkoa omen da: "Instrumentu guztiek ez dute berdin balio, eta askotan, zaila egiten da hasten ari den ume bati 600 euroko tresna erostea. Horrelako asko izaten dira".

Ander Perrino Gasteiz 19 urte kontrabaxua



"Eskola-ordutegitik kanpo bi jarduera egiteko proposamena egin ziguten: bata kultur arlokoa eta bestea kirolarekin lotua. Nik, tipikoa den futbola alde batera utzi nuen, eta saskibaloia eta musika aukeratu nituen". Gasteiztar honek, nahiz eta bere inguruko inor ez den musikari, argi dauka hau dela bere bidea. "Nire koadrilan ez dago musikaririk, baina normaltzat jotzen dute". Gaur egun kontrabaxua jotzen duen arren, piano-ikasketak hasi zituen Anderrek: "Uste dut Gasteizko Jazzaldia izan zela aldaketaren abiapuntua. Orduz geroztik, kontrabaxua da nire tresna".
Sarritan esaten da, musika-ikasketek, bizitzako beste alderdi batzuk garatzen laguntzen dutela. "Niri gaur egun errazagoa iruditzen zait jendaurrean hitz egitea. Azkenean, hitz egitea naturala da, propioa, eta instrumentua jotzea ez". Ander ikasten ari den kontserbatorioan, umeei musika klasikoa gerturatzeko saioak antolatzen dituzte urtean behin: "Kontzertu pedagogiko bat antolatzen da, umeek gertutik ikus dezaten zer den musika klasikoa eta nola jotzen den".

Juan Jose Ocon Donostia 37 urte egoko zuzendaria



Juan Joseren musika-curriculuma oso luzea da. Donostiar honek jaioterrian egin zituen Konposizio eta Zuzendaritza ikasketak, baina atzerrian ere egin du lan, profesional gisa. Orkestraz gain, abesbatzak ere zuzendu ditu, eta, gaur egun, bere zuzendaritzapean ari da EGO. Oconen ustez, umeei musika klasikoa hurbildu behar zaie, estilo hori ere ezagutu dezaten. Bestela, zaila omen da musika klasikoan interesa ipintzea. "Euskal Orkestra Sinfonikoak urtean lau edo bost kontzertu antolatzen ditu musika-eskoletan, musika-estilo hori umeei gerturatzeko. Jendeak bertan ikusten du zer den orkestra bat, eta hortik hasten dira haurrak musika-eskoletara eramaten, solfeoan izena ematen… Ume gehienek era horretan aukeratzen dute instrumentua, talderen bat beren eskolara joan, eta instrumentu horietatik baten batek atentzioa eman dielako", dio berak. "Donostiako musika-eskolak ostiralero ematen ditu umeentzako kontzertuak. Guztira, 5.500 ume inguru joaten dira kontzertu horietara. Danborradan baino jende gehiago izaten da hemen". Oconen ustez, oso aspaldikoa delako hartzen da musika klasikoa zaharkitutzat, besterik ez. "Gazte jendeak, gero eta gehiago, zarata nahi du. Gainera, bakoitza bere zaratan isolatzen da, discman-aren kaskoak jarrita. Nik etxean bozgorailuak erabiltzen ditut oraindik".