Bizilagun bilakatu ginen garaia

Zenbat bizilagun ezagutzen zenituen itxialdia hasi aurretik? Igogailuan "Aupa" lehor bat gurutzatzetik orain arte ezezagunak zitzaizkigun pertsonak deskubritzera igaro gara egun gutxitan. Hala, bakarrik bizi den adineko bizilaguna ezagutu dugu; klaserik gabe gelditu eta portalean notatxoa utzi duen ikaslea ere, erosketak egiten laguntzeko bere burua eskainiz; arratsaldeko 8etan txaloen ondoren musikarekin plaza alaitzen duen familia ezagutu dugu; eta horrela, abar luze bat.
Duela egun eskas batzuk sekula ez zenuen pentsatuko balkoitik balkoira berriketa alaiak izango zenituenik 3.A-ko familiarekin, edota 5.D-koari "zorionak zuri" abestuko zenionik txalo artean. Asteburu goizak txistu doinu alaiekin esnatuko zinenik ere ez zenuen espero, edota larunbat gauean dantzan hasiko zinetenik auzoko bizilagun guztiak, bizilagunaren bozgorailu eta Gabonetako argiek animatuta.
Egunotan boluntario sari harrigarriak eraiki direla ikusi dugu; adinekoei laguntzeko, bakarrik daudenak ez isolatzeko, ezinduei enkarguak egiteko... elkarkidetza istorioak ehunka pilatzen dira. Aldi berean, bestelako jarrera negatiboak ere ikusi dira; bizilagun zelatariak, kalean daudenei iseka eta oihuka...
Psikologoen esanetan, halako jarrerak ulergarriak dira, asteak pilatzen doazen heinean pazientzia agortzeko arriskua dagoelako. Horregatik, hain zuzen, bizilagun sare sendoa eraikitzea oso garrantzitsua da; ondokoaren bizitza ezagutu eta errespetatzen badugu, elkar lagunduz, itxialdia askoz ere arinagoa egingo zaigulako.