Bizikletaren Nazioarteko Eguna; garraio garbienaren aldeko apustua

Bizikletaren Nazioarteko Eguna; garraio garbienaren aldeko apustua Ekainak 3 garraio honen aldeko aldarria egiteko eguna dugu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizikletaren-nazioarteko-eguna-garraio-garbienaren-aldeko-apustua/@@download/image/unnamed (1).jpg
2020/06/03
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ekainak 3 garraio honen aldeko aldarria egiteko eguna dugu!
Bizikletaren Nazioarteko Eguna; garraio garbienaren aldeko apustua

Bizikletaren Nazioarteko Eguna dugu gaur, ekainak 3; garraio garbi, merke eta osasuntsu honek aisialdirako eta kirol profesionalerako ere balio du, eta egunetik egunera geroz eta erabiltzaile gehiago ditu munduan. Asko dira bizikletak dituen abantailak, eta bizi ditugun garaiotan, oraindik ere garrantzitsuagoak bilakatu dira. Jarraian, horietako batzuk laburbildu ditugu:

INGURUGIROA BABESTEN DU: Bizikleta da, zalantzarik gabe, hirian zehar kutsadurarik eragin gabe mugitzeko aukera ematen duen garraio bakarretakoa. Horregatik, adibidez, Herbeheretako enpresa askok ordaindu egiten diete lanera bizikletan doazen langileei.

PANDEMIAREN AURREAN GARRAIO SEGURUA DA: Pandemiaren aurrean garraiorik seguruena dela diote ikerketek, eta bidegorri sarea indartzen hasi dira hainbat herrialde. Frogatu denez, bizikletak segurtasun distantziak mantendu eta inorekin kontaktua izan gabe bidaiatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Eta ez hori bakarrik, bidean osasunerako positiboak diren erreakzioak gertatzen dira gorputzean, airea hartu eta kirol pixka bat egiteko aukera eskaintzen baitu.

OSASUNA MANTENTZEN LAGUNTZEN DU: Bizikleta da, igeriketarekin batera, osasun fisikoa mantentzen lagunduko digun kirol osatuenetakoa. Giharrak landu eta erresistentzia garatzeko balio du bizikletak; gainera, aireaz gozatzeko aukera eskaintzen du, plazer hutsa!

KIROL ARRAKASTATSUA DA: Geroz eta gehiago dira txirrindularitza profesionalera animatzen diren kirolariak; txirrindularitza modan dago, eta asko federatzen dira kirol hau praktikatzeko, triatloiak egiten dituztenak barne.

GARRAIORIK MERKEENA DA: Bizikleta bat erosteko mila aukera daude, baina hiritik mugitzeko bigarren eskuko merkatura ere jo dezakegu; kontuan izan bizikleta mantentzea oso merkea dela eta urte luzez iraun dezakeela ondo zainduta.