Birziklatu eta modan ibili

Birziklatu eta modan ibili https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birziklatu-eta-modan-ibili/@@download/image/filmak61_1365711356.jpg
2006/03/03
erreportajea
Ainhoa Furundarena
Martxoan gaude jada, eguzkiaren zain, berokiak kendu eta arropa berria jartzeko prest. Arazoa zera da: modak aldatu egiten direla urtero! Lasai, lerro hauetan, aurtengo udaberri-udako moda-joerez eta arropa birziklatzeari buruz hitz egingo dugu. Arropa birziklatuz, dotore asko ibiliko zara!

Klasea edo estiloa izateak ez du zerikusirik diruarekin. Edozein joan daiteke ondo jantzita, nahiz eta markako jantzirik soinean ez eraman. Aditu batzuen ustez, 2006ko denboraldia, modan behintzat, azken hamarkadetako onena izango da. Horixe ikusteko aukera izan dugu, nazioarteko disenatzaileen eskutik.

Oro har, modara janztea ez da batere erraza izaten, ezta merkea ere. Gainera, "eraman behar den arropa" hori omen delako, zergatik erosi beha dugu ondo ematen ez digun zerbait? Ez da horrela pentsatu behar. Patrikak uzten badigu, ondo egon daiteke arropa berria erostea, baina ez dugu armairu guztia berritu beharrik; betiko galtzak, gonak eta kamisetak erabiltzen jarraitu behar dugu.

Moda korronteek ez gaituzte ezertara derrigortu behar. Gustatzen zaizkigun eta ondo ematen diguten jantziak erosi behar ditugu soilik; eta ziur egon behar dugu, erositako jantzi horiek erabiliko ditugula. Esate baterako, bakeroak edo blue-jeanak beti daude modan, eta gehienoi ondo geratzen zaizkigu. Beraz, gogoan izan ezazue: modara janzteko, ez da beharrezkoa arropa guztia berritzea; nahikoa da betiko bakeroak kamiseta berri batekin konbinatzea.

Moztu, luzatu, kolorez aldatu...

Aurten, behintzat, galtza piratak erabiltzen jarraituko dugu; beraz, aurreko urteetakoez baliatzen jarrai dezakegu. Gainera, birziklatzea gustuko baldin baduzue, kontuan eduki ondorengoa: barren zabaleko bakero polit batzuk armairuan izan, eta gaur egun erabiltzen ez badituzue, konponbidea erraza da, galtza pirata bihur itzazue! Galtzak moztu luzera egokian, azpildura josi, eta beste urte pare baterako prakak lortuko dituzue.

Ia galtza guztiekin egin daitekeen esperimentua da hori, eta ez da batere zaila! Bestalde, birziklatzea gustuko baduzue, hona hemen beste ideia batzuk: galtzak moztea edo luzatzea aukera bat da, baina kolorez aldatzea ere alternatiba polita izan daiteke. Asko erabilitako galtzaren batek kolorea galdu badizu, kolorea berreskura dezakete arropa-garbitegietan, eta baita kolorea aldatu ere. Beraz, erabilitako jantziak bota baino lehen, aztertu itzazu haiek berreskuratzeko aukera guztiak.

Bigarren eskukoa, eskura

Eta orain arteko aholku hauek zeure gustukoak izan ez badira, ados; beste zerbait egin dezakezu, arropa bota baino lehen: arropa eskaini dakieke huraxe behar dutenei, eta baita saldu ere.

Gaur egun, gero eta ezagunagoak dira bigarren eskuko dendak. Denda horietan, nork bere arropa sal dezake, eta, noski, baita erosi ere. Guretzat zoragarria izan daiteke beste norbaitek atzean utzitako jertseren bat, zergatik ez? Hori bai, ondo begiratu behar da jantzia kalitate onekoa dela, eta egoki zaindua dagoela... baina besterik ez! Horretaz aparte, gogoan izan ezazue, botoiak eta kremailerak aldatzea dela arropa luzaroan mantentzeko beste trikimailuetako bat.

Beraz, aurtengo udaberrian eta udan zer erabiliko dugun erabaki ondoren, zer egin armairuan daukagun beste guztiarekin? Nahi ez dugun arropa eskaini edo sal dezakegu, eta gainerakoa, berriz, ahal dugun heinean behintzat, gorde.

Zergatik eta zertarako gorde? Ederki asko dakigulako moda munduak nola funtzionatzen duen, eta, edozein momentutan, duela urte pare bat erositakoa, berriz ere modan egon daitekeelako. Gainera, ez dugu gezurrik esango: gazteon ekonomia ez dago dirua alferrik xahutzeko moduan.

Beraz, argi eduki bost aholku hauek, modan janztea merkeagoa izan dadin:
1. Josten eta arropa zaintzen ikasi, arropak luze iraun dezan
2. Ongintzako erakundeak badaude, arropa zaharra jasotzen dutenak.
3. Ezer erosi baino lehen, ondo aztertu zein materialez egina dagoen arropa.
4. Soilik behar den hori erosi.
5. Garbigarri goxoak erabili, arropak gehiago iraun dezan.