Birziklatu… arropak ere bai

Birziklatu… arropak ere bai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birziklatu-arropak-ere-bai/@@download/image/2009645129arrop_1362693818.jpg
2009/06/05
erreportajea
Birziklatzea gure ohituren parte bilakatu da azken urteetan. Denetariko edukinontziak eskura ditugu, denetariko produktuentzat. Baita arropentzat ere. Baina arropak bota aurretik, hona berrerabiltzeko zenbait aholku.

Zenbat arropa botatzen ote dugun zakarretara urtero… batek daki! Lehen etxe guztietan ohitura zen arropak belaunaldiz belaunaldi pasatzea, orain ere bai, baina gutxiago. Horrek eta neurri gabe kontsumitzeko dugun joerak, gastuak izugarri handitzeaz gain, bestelako ondorioak ditu: tonaka ehun-gai zabortegietan, kutsadura… Segidan dituzun aholkuek, zure poltsikoari mesede egiteaz gain, ingurugiroa gutxiago kaltetzen lagunduko dizute.

1. Arropa josten ikasi (botoiak, petatxoak…), gehiago iraun dezan.
2. Erosi aurretik, zein materialez egina dagoen ondo aztertu.
3. Beharrezkoa dena soilik erosi.
4. Garbigarri goxoak erabili, arropak eskertuko dizu.
5. Arropa bota aurretik, berreskuratzeko aukera guztiak aztertu.
6. Botatzerakoan arropa biltzeko edukinontzietara hustu.

Oldberri

Oldberri bezalako ekimenak laguntzea alternatiba polita izan daiteke, eta da. Caritas erakundeak bultzatutako kooperatiba horrek Oreretan du egoitza. Parrokietan jasotzen duten arropaz gain, 75 edukinontzi ditu hainbat herritan banatuta. Jasotako arropak sailkatu eta birziklatzea da, labur esanda, Oldberri-ren egitekoa. Eta ez nolanahikoa, hileko 50 tona inguru jasotzen baitituzte. Baina gehiago ere badira: Berohi (berohi01@euskalnet.net), Ekiber
(ekiber@rezikleta.com), Jantziprest, Jazki (jazki@enpresasoziala.net)…

Hortaz, gogoan izan arropa zaborretara bota beharrean badirela beste alternatiba batzuk, guretzat erosoak eta benetako beharra dutenentzako probetxugarriagoak direnak.