Birusa kontrolatzeko neurri berriak

Birusa kontrolatzeko neurri berriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan debekuak itzuli dira; hauek dira orain arteko neurri berriak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birusa-kontrolatzeko-neurri-berriak/@@download/image/jovenes-en-guadalajara-1440x808.jpg
2020/07/29
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan debekuak itzuli dira; hauek dira orain arteko neurri berriak.
Birusa kontrolatzeko neurri berriak

Badirudi koronabirusaren 2. olatuan sartzen hasi berriak garela, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan geroz eta kasu gehiago detektatu direnez, Jaurlaritzak neurri berriak ezarri ditu, batez ere aisialdiarekin lotuta. Gauzak horrela, hemendik aurrera taberna guztiek 01:30ean itxi beharko dute, eta ezingo dute goizeko seiak baino lehen ireki. Edukieran ere murrizketak izango dira hainbat eremutan; diskoteketako edukiera %60 izango da gehienez, eta gauerditik aurrera mahaietan eserita kontsumitu beharko da, barruan zein terrazetan.

Gazteak dira hiru probintzietan positiborik gehienak erregistratu dituztenak, eta errebroteak ere aisialdi eremuetan gertatu direnez, gazte lokalak erabiltzea debekatu zuen iragan astean Jaurlaritzak. Ostalaritzan ere neurri berriak ezarri dituzte: jatetxe handietan ehun pertsonatik gorako edukiera dutenak %80 baino ezingo dituzte bete, eta mahai bakoitzean ezingo dira bildu hamar pertsona baino gehiago. Gainera, taberna eta jatetxe guztietan beharrezkoa izango da mahaien artean 1,5 metroko tartea mantentzea.

Aisialdia ez da mugatutako eremu bakarra; azken neurrien arabera, beilatokietan ezingo dira 60 pertsona baino gehiago bildu, edukieraren %60 gainditzen ez bada. Hiletetan berdin. Amaitzeko, ezingo da erromeriarik, kontzerturik edo beste edozein ekitaldi antolatu ikusleek aurrez ezarritako eserlekurik ez badute.