'Birritan bortxatua' antzezlanaren emanaldia izango da gaur Donostian

'Birritan bortxatua' antzezlanaren emanaldia izango da gaur Donostian Herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa egin osteko epaiketan eta gizartearen epaien ondorioz pairatutakoak kontatzen ditu antzezlanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birritan-bortxatua-antzezlanaren-emanaldia-izango-da-gaur-donostian/@@download/image/bbb.jpeg
2022/12/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa egin osteko epaiketan eta gizartearen epaien ondorioz pairatutakoak kontatzen ditu antzezlanak.
'Birritan bortxatua' antzezlanaren emanaldia izango da gaur Donostian

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak Birritan bortxatua ikuskizuna eskainiko du gaur, 19:00etan, Aiete Kultur Etxean. Bere herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa ipini eta epaiketa nola biziko duen kontatzen du 60 minutu inguruko iraupena duen antzezlanak. Iruñeko Sanferminetan bortxatu zuten Nagore Laffageren kasuan eta beste hainbat bortxaketetan oinarritua dago, eta epaiketetako testigantzetatik atera dute informazioa.

"Nagore naiz, 44 urte ditut, eta oraindik ere ezin dut sinetsi niri horrelakorik gertatu izana. Duela hiru urte, herriko jaietan, bortxatu egin ninduten. Ezaguna nuen mutil batek bortxatu ninduen. Bere izena esatea ere kosta egiten zait. Bai... barkatu... Mikel da bere izena". Nagorek, beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakiko du, eta orduan hasiko da Nagoreren bigarren amesgaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatzen ditu antzezlanak, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere.  Protagonistak erasoari eta horren ondorio zailei nola aurre egiten dien jasotzen da bertan. Bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa izan, eta epaia jaso bitartekoak.

Saioa Royo aktoreak (Donostia, 1975) antzezten du biktimaren papera eta Ion Martinez Txiki-k (Donostia, 1980), berriz, fiskalaren eta defentsa abokatuarena.

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea hamar urteko ibilbide oparoa duen antzerki taldea da. Ion Martinez eta Saioa Royo dira proiektu honen buruak, eta bien barneko ideia, galdera eta egonezinetatik abiatzen da beren sorkuntza lana. Euren lanak, "errespetua oinarri eta euskararen transmisioa lagun", Euskal Herriko hamaika txokotara hedatzea da taldearen asmoa, "beren txikitasunetik euskal kulturari ekarpena eginez".

Azken emanaldia Dokan
50 bat saioren ostean, azken emanaldia eskainiko dute abenduaren 15ean, 19:30ean, Donostiako Dokan. Sarrerak hemen eros daitezke.