'Birritan bortxatua' antzezlana izango da bihar Azkainen

'Birritan bortxatua' antzezlana izango da bihar Azkainen Herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa egin osteko epaiketan eta gizartearen epaien ondorioz pairatutakoak kontatzen ditu antzezlanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birritan-bortxatua-antzezlana-izango-da-bihar-azkainen/@@download/image/bb h.png
2022/02/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa egin osteko epaiketan eta gizartearen epaien ondorioz pairatutakoak kontatzen ditu antzezlanak.
'Birritan bortxatua' antzezlana izango da bihar Azkainen

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak Birritan bortxatu ikuskizuna eskainiko du bihar, hilak 4, Azkaingo Kilika gaztetxean. Bere herriko jaietan bortxatua izan den emakume batek salaketa ipini eta epaiketa nola biziko duen kontatzen du antzezlanak. Iruñeko Sanferminetan bortxatu zuten Nagore Laffageren kasuan eta beste hainbat bortxaketetan oinarritua dago, eta epaiketetako testigantzetatik atera dute informazioa.

"Nagore naiz, 44 urte ditut, eta oraindik ere ezin dut sinetsi niri horrelakorik gertatu izana. Duela hiru urte, herriko jaietan, bortxatu egin ninduten. Ezaguna nuen mutil batek bortxatu ninduen. Bere izena esatea ere kosta egiten zait. Bai... barkatu... Mikel da bere izena". Nagorek, beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakiko du, eta orduan hasiko da Nagoreren bigarren amesgaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatzen ditu antzezlanak, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere.  Protagonistak erasoari eta horren ondorio zailei nola aurre egiten dien jasotzen da bertan. Bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa izan, eta epaia jaso bitartekoak.

Azkaingo EME8 talde feministak antolatutako emanaldia 20:00etan hasiko da eta bost euroko sarrera ordaindu beharko da. Jatekoa eta edatekoa ere izango dela jakinarazi dute. Azkaingo emanaldiaren ostean, Lemoako antzokian izango dira otsailaren 12an. 

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea hamar urteko ibilbide oparoa duen antzerki taldea da. Ion Martinez eta Saioa Royo dira proiektu honen buruak, eta bien barneko ideia, galdera eta egonezinetatik abiatzen da beren sorkuntza lana. Euren lanak, "errespetua oinarri eta euskararen transmisioa lagun", Euskal Herriko hamaika txokotara hedatzea da taldearen asmoa, "beren txikitasunetik euskal kulturari ekarpena eginez".