Birjina 20 urterekin? Eta zer?
Birjinitatearen kontzeptua zaharkitua geratu da. Izan ere, sexua sartu eta ateratzea baino askoz ere gehiago da eta ez du zentzu birjinitatea sarketarekin lotzeak.
Onerako ala txarrerako, ordea, gure gizartean sexua oso presente dago eta oraindik harreman sexualak eduki ez badituzu (edozein motatakoak), beharbada kezkatzen zaituen gaia da. Zure lagunekin sexuaren gaia ateratzen denean ezin duzu deserotosuna ekidin, askotan ez dakizu zer esan eta berandu zoazenaren sentimenduak harrapatzen zaitu.
Ba, spoiler: ez dago harreman sexualak izateko data egokirik. Inguruan jada harremanak eduki dituen jendea baduzu ere, norberak bere erritmoak eta arrazoiak ditu, eta ez egitearen atzean mila arrazoi egon litezke.
Artikulu honen bidez aldarrikatu nahi dugu ez dela lotsatu beharrik. Lehenik esango dizugu gezur pixka bat onuragarria dela kasu honetan. Hau da, zuk badakizu zeinekin zintzoa izan eta zeinekin ez. Batzuk ez dute sentsibilitatea izpirik ere eta mina egitea da bilatzen duten bakarra, horiekin hobe gezurra esan. Benetan lagun dituzunek ordea, ez zintuzkete deseroso sentiarazi behar.
Eroso sentitzen bazara, partekatu zure ikuspegia besteekin. Askotan, lotsa sekretua gordetzeagatik sortzen da. Hitz egitean ordea, zure esperientzia normalizatzen duzu eta zure egoera berean dauden besteei laguntzen diezu. Hitz eginez, erlatibizatu egiten da gaia eta horrek lasaitasuna eskainiko dizu. Gainera, argi izan, zure balioa ez duela zure bizitza sexualak neurtzen. Zure buruarengan pentsatu, lortu duzunak, lortu nahiko zenukeena, zure pasioez… eta batez ere, ez zigortu zure burua zuk hautatutako bide propioa jarraitzeagatik.
Giza esperientzien aniztasunaren barruan itxarotea erabaki dutenak daude edo oraindik aukerarik eduki ez dutenak. Erabaki horiek beste erabakiak bezain baliagarriak dira. Estigma betikotu beharrean autonomia ospatu behar da, bakoitzak noiz eta nola nahi duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar da. Gizarte benetan inklusibo batean, bizitza sexualean (eta beste arloetan) hartzen diren erabaki guztiak errespetatu eta baloratu behar dira.
