Biodibertsitatea bitzaren katebegia

Biodibertsitatea bitzaren katebegia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biodibertsitatea-bitzaren-katebegia/@@download/image/52p46-1.jpg
2005/05/06
erreportajea
Nora Gurrutxaga Insausti
Biodibertsitatea bitzaren katebegia
Mundua sortu zenetik, milaka animalia eta landare espezie galdu dira; azken batean, jaiotzea eta hiltzea, biak baitira naturaren parte. Dena den, azken hamarkadetan galtze prozesu hori azkartu egin da, eta gure planetako biodibertsitatea arrisku bizian dago. Mundu mailako neurri zorrotzak hartzen ez badira, naturaren aberastasuna betirako galtzear egon daiteke.

Biodibertsitateak munduko bizi-mota eta aldaera guztiak hartzen ditu bere baitan. Biodibertsitatea neurtzeko, bi gauza garrantzitsu hartu behar dira kontuan: batetik, ekosistema batean zenbat espezie dauden jakin behar da, eta bestetik, espezie bakoitzaren populazioa zenbatekoa den ekosistema horretan. Izan ere, zenbat eta espezie gehiago egon ekosistema batean, orduan eta handiagoa izango da biodibertsitatea. Adibidez, mundu mailan, baso tropikaletan dago biodibertsitate gehien.

Milaka espezie galtzen dira urtero

Gaur egun, 10-30 milioi espezie inguru bizi omen dira planetan. Adituek diotenez, horietatik guztietatik, soilik bi milioi inguru espezie identifikatu dira. Ikerketen arabera, 15.589 animalia eta 60.000 landare espezie desagertzen dira urtero.

1980eko hamarkadatik hona, biodibertsitateak bizi duen krisiarekiko sentsibilizazioa handitu egin da. 1992an, Nazio Batuen Erakundeak gailurra egin zuen Rio de Janeiro hirian ("Lurraren Gailurra" deiturikoa), eta bertan, biobertsitateari buruzko hitzarmena sinatu zuten 150 gobernuk baino gehiagok. Galtzorian dauden espezieak babestea da hitzarmen horien helburua.

Besteak beste, Natura 2000 Sarea delakoaren bitartez, mundu mailan sare bat sortu nahi da biodibertsitatearen aldetik interesgarriak diren habitatak zaintzeko. Gisa horretara, 2010 urterako babestutako naturguneen sarea sortuko balitz, pauso handia emango litzateke munduko biodibertsitatea zaintzeko.

Gizakia ere kaltetuta

Biodibertsitatea galtzeak arriskuan jartzen du munduaren garapen iraunkorra. Izan ere, habitat naturalak suntsitzen badira, habitat horietan bizi diren espezieek ere kalte handiak jasango dituzte, gizakiok barne. Kontuan hartu behar da natur-baliabideek mundu mailako ekonomiaren %40 sortzen dutela. Dena elkarrekin lotuta dago, beraz.

Era berean, natur-baliabide hauek oso garrantzitsuak dira osasun publikoa bermatzeko, osasungintzaren alorrean hainbat aurkikuntza egin ahal izateko, eta klima-aldaketari aurre egiteko. Horrez gain, natur-baliabideak ezinbestekoak dira hirugarren munduko herrialdeek euren garapena eta ekonomia bultza dezaten.

Zentzu honetan, biodibertsitatean hainbat faktorek  eragiten dute: habitatak suntsitzeak, kutsadurak, hirien garapenak, baliabideen ustiapenak, klimaren aldaketak, azpiegiturek, espezie exotikoek, bioteknologiak… kontuan hartu eta zaindu beharreko faktoreak dira guztiak.

Lehen munduaren jarrera

Garapen ekonomikoak onurak ekartzen dizkio gizakiari, besteak beste, aurrerapena eta bizi-kalitatea ziurtatzen baitizkio. Aldiz, ingurugiroak kalteak jasaten ditu askotan, eta horrexegatik, behar besteko garrantzia eman behar zaie baliabide naturalei. Funtsezkoa da giza jarduerak ondo kudeatzea: arrantza, ehiza, abeltzaintza, nekazaritza, basoen ustiapena, garraiobideak, hirigintza lanak...

Hiru ongizate mota daude: materiala, kulturala eta biologikoa. Askotan, herri garatuetan, uste dugu lehenengo biek eragiten dutela batez ere gure bizi-kalitatean, baina aitzitik, hobe genuke ongizate biologikoa ere kontuan hartuko bagenu. Izan ere, kalitatezko ingurune erakargarri batek, gizakiari ez ezik turismoari ere mesede egin diezaioke. Eta ez da ahaztu behar, turismoa oso mesedegarri izan daitekeela lekuan lekuko ekonomiak bultzatzeko.

Eta Euskal Herrian?

Biodibertsitateak garrantzi handia du Euskal Herrian ere, eta hori frogatzeko, hona hemen zenbait adibide:
•
Basoak (pagoak, haritzak, arteak...): basoek magaletako lurzoruak egonkortzen dituzte, eta euste-funtzio horri esker, lurraren higadura eta uholdeak ekiditen dira. Horrez gain, basoek lurzoruaren emankortze eta sortze prozesua errazten dute.
•
Hezeguneak eta ibaiertzetako landareria: uholdeetatik babesten gaituzte, drenaia mantsoa egiten dutelako. Horrez gain, kutsatutako urak garbitzen laguntzen dute.
•
Ornogabeak: ekosistemak egonkortzen laguntzen dute, lurzoruen eta sedimentuen emankortasuna eta eratzea erraztuz. Bestalde, habitat baten osasun-egoeraren adierazle izaten dira; izan ere, ornogabeek funtzio garrantzitsua betetzen dute ingurugiroan: polinizazioa, izurriteen kontrola... eta abar.
•
Ornodunak: zelai eta larreen mantenua errazten dute, eta horrez gain, landareen haziak barreiatzen dituzte. Izurriteak kontrolatzeko ere lagungarriak dira.

Arrisku ugari

Biodibertsitatea gordetzeko, ezinbestekoa da arriskupean bizi diren espezieen habitatak egoki mantentzea; izan ere, habitat hauek gordetzean datza espezie hauen bizi-iraupena, eta ziklo naturalaren oreka. Zenbat eta biodibertsitate handiagoa izan, orduan eta gehiago iraungo du habitat batek.

Euskal Herrian, errepideak edo hirigintza mailako planifikazioak egiten direnean, ingurugiroaren faktoreak ez dira modu egokian kontuan hartzen. Bestalde, administrazioen sailen arteko harremanak ez dira behar hainbat zaintzen. Ondorioz, askotan ahaztu egiten da, garapena benetan iraunkorra izan dadin, osagai guztiak kontuan hartu behar direla.

Gaur egun, hainbat proiektu erraldoi egitekoak dira Euskal Herrian: Pasaiako portua, Euskal Herria zeharkatuko duen Abiadura Handiko Trena, errepide berriak... Ingurumen legeak dioenez, proiektu hauek guztiak egin aurretik, ingurumenari eragingo zaizkion kalteen azterketa egin behar da.

Gurean ere, espezieak galtzear

Euskal Herrian hainbat espezie daude galtzeko arriskuan, honako hauek, adibidez:
•
Igaraba (Lutra lutra): bi faktorek kinka larrian jarri dute ugaztun hau: lehendabizikoa ibaien kutsadura da, eta bigarrena, ibaiertz asko galdu izana.
•
Benarriz gorrizta (Locustella luscinioides): hezeguneak suntsitzen ari direnez, erabat  arriskupean dago hegazti hau.
•
Hegoaldeko zuhaitz igela (Hyla meridionalis): bere habitata suntsitu dugu, eta ondorioz, arriskupean dago anfibio ttipi hau.
•
Izokina (Salmo salar): espezie hau desagertu egin da gure ibai gehieneta. Batetik, ibaietako uren kutsadurak kalte handia egin dio. Bestetik, zentral hidroelektrikoak eraiki dira ibaietan, eta bere ibilbide naturala galerazi zaio izokinari.
•
Sabaloa (Alosa alosa): ur sarearen degradazioaren ondorioz, arriskupean dago arrain hau.
•
Arkanbelea (Lucanus cervus): hariztiak desagertzen ari dira Euskal Herrian, eta horren eraginez, arkanbelea ere galtzear dago. Izan ere, intsektu honek haritz zaharrak behar ditu bizi ahal izateko.
•
Rosalia (Rosalia alpina): pago zaharrak ere galtzen ari dira, eta horrek arriskuan jarri du espezie hau.

Berriro esango dugu: gizakia, animalia espeziea den heinean, bere buruari kaltetzen ari da bioaniztasunari kalte egiten dion bakoitzean. Gizakiak biziraun nahi badu, munduko gainontzeko espezie guztiak behar ditu ondoan.