Biniloen azalen bidez euskal kantugintza berriaren ingurukoak kontatzen dituen erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson
Gasteizko Montehermosok 100 diska izeneko erakusketa zabaldu du, lehen eta bigarren belaunaldiko (1963-1993) euskal kantugintza berriaren lehen hogeita hamar urteen ingurukoa. Binilozko 100 disko baino gehiagoren azalen bidez egin da ibilbidea.
Erakusketak garai hartan lan egin zuten abeslariak eta taldeak biltzen ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, "euskara hizkuntza eta kontzientzia sozio-politiko gisa hedatzen arlo horretan aitzindariak izan zirenei" omenaldia egin nahi die erakusketak.
Zuzeneko kontzertuetako kartelak, biniloen azalak, eta bestelako objektuak ere baude erakusketan. Gainera, hiru dokumental ere proiektatzen dira: Mikel Ezkerroren Mairuelegorreta; Iluntasunetik Argitasunera; EITBren Memoria eraikiz: Rock Vasco ¡¿Radikal!? eta 1977 eta 1981 artean izan zen RTVEko Popgramak musika-programak euskal musikari eskaini zion atala.
Erakusketa ekainaren 23ra arte egongo da zabalik Kulturunean eta bisita gidatuak ere egingo dira.

