Bimbaluna bidearen gakoak

Bimbaluna bidearen gakoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bimbaluna-bidearen-gakoak/@@download/image/54p42-1_1366372149.jpg
2005/07/01
erreportajea
Orkatz Goenaga
Maiatzaren 9an, Suitzan, St. Loup-eko eskolako Bimbaluna bidea kateatu zuen Josune Bereziartu eskalatzaile lazkaotarrak. Eskalada munduan inoiz kateatu den mailarik gorena lortu zuen Josunek (9a/a+), eta bera da hori lortu duen munduko emakumezko bakarra. Bikoteak min bakarra dakar Suitzatik: Rikar Otegik bidea kateatzea lortu ez izana.

Baing du sang (9a) bidea kateatu zuen Josune Bereziartuk 2002 urtean. St Loup-eko eskolan bertan, Baing du sang bidearen ondoan dago Bimbaluna (9a/a+). Orain arte, eskalatzaile bakar batek lortu zuen bide hori kateatzea: François Nicolek.

Josunek eta Rikarrek oso gustuko dituzte St. Loup-eko eskola eta parajeak. Bikote gipuzkoarra apirila erdi aldera joan zen Suitzara. Bertan, hiru bat aste igaro zituzten bidea ikuskatzen, eta denbora tarte horretan, bidea kateatzeko saiakera egiteko asmoa zuten.

Elurra zela eta, lehen bi asteetan, Josunek eta Rikarrek ezin izan zuten kasik harkaitza ukitu ere egin. Denera, soilik hamar egunez entrenatu ahal izan zuten Bimbaluna bidean, eta horrek bikoiztu egiten du bikotearen meritua. Hainbeste itxaron beharra gogorra izan bazen ere, lagun artean egoteak erraztu egin zuen Suitzako egonaldia. Goiko irudietan, Josunek eta Rikarrek zehatz mehatz deskribatu digute Bimbaluna bidearen pauso giltzarria.

Bimbaluna (9a/a+) bidearen lehen zatian, 7c zailtasuneko mugimenduen artean, bada Rikarri eta François Nicole-ri zaila egin zitzaien mugimendu bat. Hala ere, Josunek arazo gutxi izan zuen hura gainditzeko.

Josune eta Rikarrentzako, ondoko irudietako mugimenduak dira Bimbaluna bidearen gakoa. Mugimendu hauek kontzentrazioa, teknika, indarra eta potentzia handia eskatzen dute.

1-
Mugimendu giltzarriaren hasiera. Eskuineko eskuarekin "regleta" izeneko helduleku bat hartzen da, hiru edo lau hatzekin hartzen den helduleku fina, alegia. Ezker eskuarekin "hatz-bakarra" hartzeko mugimendua egin behar da, hau da, hatz bakarrarekin heldu behar den puntu fina. Indarrezko eta potentziazko mugimendua da.

2-
Luze-luze eginda dagoela, eskalatzaileak hankak mugitu behar ditu. Mugimendu zaila da postura txarraren eraginez. Eskuin hanka igo behar da 2 milimetro inguruko zabalera duen euskarri batera.

3-
Hanka oso goran dagoela, zeharka dagoen helduleku bat hartu behar da eskuin eskuarekin. Hurrengo mugimendua laguntzeko hartu behar da heldulekua, baina oso urrun dagoenez, badu zailtasuna.

4-
Postura txarrean, makurtuta, gorputza altxatu behar du eskalatzaileak. Eskuak "hatz-bakarrean" eta zeharkako heldulekuan daudela, enborrarekin indarra eginez, gorputza zuzendu behar da. Indar handiko mugimendua da.

5-
Gorputza zuzenduaz amaitzen da mugimendua.

6-
Mugimendurik zailena da. "Hatz-bakarrean" helduta, eskuin eskuarekin atxikipen txikiko heldulekua hartu, eta hankak mugitu behar dira. Orain arte, hankak euskarri fin baten gainean egon dira. Orain, berriz, ondorengo mugimenduak hankak haitzaren aurka bultzatuz egin behar dira, atxikipenean, euskarririk gabe.

7-
Urduri jartzeko moduko mugimendua da. Eskuin eskua zeharkako helduleku batean dagoela, hankak atxikipeanduan mugitu behar dira. Mugimendu hau, euskarri fin bateraino egin behar da, eskuin hanka ezartzeko. Azkenik, ezker eskuarekin ("trizeps" bat) helduleku bat hartu behar da.

8-
Ezker hanka atxikipenean dagoela, eskuin hanka oso altu igo behar da. Puntu honetan oso erraza da erortzea, ezker hankarekin indar gehiegi eginez gero, eskalatzailea erori egin baitaiteke. Une honetan kontzentrazioa ezin da galdu. Hortik aurrera, eskuin eskuarekin, Josune eta Rikarrentzako "ona" den heldulekua hartu behar da.

Hemendik gora bidea "errazagoa" da, baina kontzentrazioari eutsi behar zaio.

Gure proposamena


Valdegobiako eskola Gaubea inguruan dago, Araba mendebaldeko Añanako koadrilan. Karearrizko eta Dolomitazko haitza da, etzanda eta bertikalki dagoena. Arabako parajerik ezezagun eta ederrenetarikoa da, Valderejoko Parke Naturalaren alboan. Eskalada maite dutenentzako, paraje paregabea da.