Biluzik eta pozik

Biluzik eta pozik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biluzik-eta-pozik/@@download/image/32p32-1_1369078563.jpg
2003/07/04
erreportajea
Biluzik eta pozik
Arropa kentzeko garaia heldu da: galtza motzak, minigonak… A zer pagotxa gure begientzat! Neguan ezkutuan izandako gorputz atal asko lotsarik gabe erakutsi ohi ditugun arren, gazte gutxi ausartzen da eguzkia biluzik hartzera. Kendu arropa!

Miarritz, Hendaia, Mutriku, Getxo, Ea… Euskal Herrian baditugu hondartza nudistak. Baita elkarte nudistak ere: Miarritzeko JPB Natur taldea (http://jpbnature.free.fr/) eta ENE Euskal Naturalisten Elkartea (www.ene-naturismo.org), esaterako. Hala ere, elkarteotan zaila da gazteak topatzea. Dirudienez, gazteok ez gara biluzik ibiltzera ausartzen. Zergatik? Lotsa ematen al digu gorputz osoa begibistan izateak? 

Jose Mari Cristobal ENEko kide eta irakasle donostiarrak eman digu erantzuna. "Bai, lotsa eta konplexu kontua da. Eskoletan, oraindik ere, sexualitatea ez dute normaltasunez irakasten; gorputza ez da osotasunean hartzen, atalka baizik. Ondorioz, biluztasuna gaizki ikusita dago. Gainera, nerabetasunean, ondokoen kritikek kikildu egiten dituzte gazteak", esan digu irakasleak.

Hala eta guztiz ere, bada nerabetasunean nudismoaren aurrean kikiltzen ez denik. Esaterako, A.C. izeneko neska ENEko bazkide gazteenetakoa da; 14 urte ditu eta bilbotarra da. "Ohituta nago gurasoak biluzik ikusten, eta ez dit lotsarik ematen beste nudista batzuen alboan arroparik gabe ibiltzeak. Hori bai, ez nuke lagunek nudismoa egiten dudala jakiterik nahi. Eskolan, irakasleek nudismoari buruz hitz egiten dutenean, ikasleak barrez hasi ohi dira. Ez dut besteek nire kontura barre egiterik nahi ", esan digu.

Gorputza ezagutu arte
Ezbairik gabe, lotsaren zama itzela da gazteon artean. Baina zeren beldur gara? Nondik datozkigu batzuetan gure aurpegia sagar gorri baten pare jar dezaketen  konplexuak eta lotsak? 

"Irudiaren aroan bizi gara, eta komunikabideek estereotipo okerrak zabaltzen dituzte. Ondorioz, gazte asko ez daude gustura beren gorputzekin. Hortxe, titietan ebakuntzak egiten dituzten neskatxak. Nerabetasunean, konplexuak eta segurtasun eza nagusi dira, eta hori ez da aldatzen urte gehiago izan arte", dio Cristobalek.

Antza denez, gure burua eta gure gorputza hobeto ezagutu arte, ez dugu zama gainetik kentzen. Eta hori zein adinatan gertatzen da? Zaila da adin bat zehaztea, baina, irakasle donostiarraren arabera, 25-30 urte bitartean izaten da: "Adin horrekin gazteak direna direla onartzen hasten dira, ez dituzte horrenbeste aurreiritzi. Bazkide izateko gurera etortzen diren gazteak 25 urtetik gorakoak dira".

Eta etorkizunean zer?
Heziketa dela eta, ordea, egungo gazteak lehengoak baino irekiagoak omen gara, nudismo kontuetan. "Gerta liteke nudismoa egitera ez ausartzea, baina gazteek ez dute nudisten aurkako jarrerarik izaten. Horrexegatik, gauzak pixkanaka aldatuz joango direla uste dut", dio Cristobalek. Beste hainbeste esan digu A.C.-k ere."Baliteke jendeak, gaia aipatzerakoan, barre egitea, baina ikasleek ez dute nudismoa kritikatzen", esan digu gazte bilbotarrak. 

Geroari begira, gure solaskideak baikor dira: "Gure garaian, pentsaezina zen gurasoak biluzik ikustea. Gaur egun, berriz, guraso asko nudista dira eta litekeena da, etorkizunean, guraso horien seme-alabak nudistak izatea. Beraz, mugimenduak ez du atzerabueltarik", dio Cristobalek. A.C.k ere badu zer esana horri buruz: "Biluzik ibiltzeak onura ugari ditu: natural eta fresko sentitzea, bainujantzia ez eramatea… Gaur egun, oso gazte gutxi dira nudistak, baina nudista taldeetan haur asko ikus daitezke, urte batzuk barru nudistak izan daitezkeenak. Beraz, ez legoke gaizki gaurtik aurrera gazteen artean nudismoa sustatzeko elkarte bat sortzea". Horra hor A.C.-ren gogoeta. Animatuko al zinateke?

Irakurleak mintzo



Aurreko zenbakian, nudismoa zer iruditzen zitzaien galdetu genien GAZTETXULOko irakurleei. Hona hemen jasotako zenbait erantzun.

"Nudismoa biluzik egotea baino zerbait gehiago da, bizitza beste modu batez ikusteko joera, alegia. Gardentasunez, azpijokorik gabe. Zertarako ezkutatu nor naizen ni, honez gero biluzik ikusi banauzu?". Ana Flamarique (Atarrabia)

"Nik ez dut nudismoa hain erraz egingo, lotsarengatik. Baina lotsa eta konplexu guztiak gaindituz joan beharko genukeela uste dut, gure ondorengoak pentsaera horrekin heziz". Eider Andres (Portugalete)

"Sorkuntza prozesu guztia biluzik egiten dugu eta jaio ere, biluzik jaio gara. Beraz, zergatik ez nudismoa egin? Nudismoa egiten ez duenak nudista errespetatu behar du". Urtzi Ugalde (Bilbo)     

Euskal Herriko hondartza nudistak



Hondartzetan ez ezik, barnealdean ere badira nudismoa egiteko lekuak. Hainbat tokitan har daiteke eguzkia larru gorritan, Nafarroako Aioz eta Esa eta Arabako Ulibarri-Ganboa urtegietan, esaterako. Bestalde, nudisten arabera, erakundeen axolagabekeriarengatik, hondartza nudista gehientsuenek ez dituzte oinarrizko zerbitzuak. Nudismoa legezkoa den arren, erakundeek ezikusiarena egiten dute, bazterreko tokietan utzita.Baztertze hori saihestu asmoz, ENEk urtero, Sopelanako Barinetxe hondartzan, lasterketa nudista antolatzen du. Gero eta arrakastatsuagoa da lasterketa hau. Horrez gain, ENEri esker, Bilboko Artxanda auzoko igerilekua nudista da astean behin.
1- Getxo: Azkorri, Arrigunaga eta Barinetxe2- Sopela: Barrika3- Ibarrangelu: Anzorak4- Ea: Natxitua5- Ipazter: Ogeia6- Lekeitio: Hendai7- Mutriku: Saturraran8- Zarautz: San Pelaio9- Donostia: Monpas eta Murgita eta Tximistarri kalak10- Hondarribia: Jaizkibelgo kaletan11- Hendaia: Bizkiak eta Loia12- Bidarte: Erretegi kala13- Miarritz: Ehun eskailerak14- Angelu: bertako hiruzpalau kaletan