'Bilintxen Menda' bertso hamabostaldia egingo dute Donostian, apirilaren 19an hasita

'Bilintxen Menda' bertso hamabostaldia egingo dute Donostian, apirilaren 19an hasita Txapeldunen bertso saioa, Jon Sarasuaren hitzaldia, hitzaldi musikatua eta gai-jartzailetzaren bilakaeraren inguruko mahai-ingurua izango dira egitarauan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilintxen-menda-bertso-hamabostaldia-egingo-dute-donostian-apirilaren-19an-hasita/@@download/image/DK24_Bilintx_Antzoki Zaharra.jpg
2024/03/27
Txapeldunen bertso saioa, Jon Sarasuaren hitzaldia, hitzaldi musikatua eta gai-jartzailetzaren bilakaeraren inguruko mahai-ingurua izango dira egitarauan.
'Bilintxen Menda' bertso hamabostaldia egingo dute Donostian, apirilaren 19an hasita

2021ean, Bilintx bertsolari handiaren jaiotzaren 190. urtemuga zela eta, Bilintxen Menda izeneko bertso hamabostaldia antolatu zuten Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. Berriz antolatzea erabaki dute, San Telmo Museoarekin elkarlanean,  Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatu, bertsozaleei gozatzeko parada eskaini, eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egiteko asmoz. Txapelketa izango da aurtengo jardunaldien ardatza. 

Txapeldunen bertso saioa egingo dute apirilaren 19an, Txapelketa Nagusia irabazi duten bost bertsolari daude bizirik eta horietako batek, Xabier Amurizak, utzi zion plazako jardunari. Gainerako lauek kantatuko dute saioan, Sebastian Lizasok, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek. Ainhoa Larretxeak jarriko ditu gaiak. Imanol Larzabal aretoan izango da saioa, 19:30ean, eta sarrera bost euroan salduko dute.

Jon Sarasua txapelketez eta bertsolariez arituko da Donostiako bertso hamabostaldian, eta Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik izeneko hitzaldia emango du apirilaren 24an. Xabier Euzkitzek aurkeztuko du Ernest LLuch Kultur Etxean izango den ekitaldia, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da.

Hitzaldi musikatua ere egingo dute, Bertsolari Txapelketen antologia kantatua. 1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan barrena egindako bidaia izango da, gaur egungo bost bertsolariren ahots eta begiradetatik. Emanaldi honetan garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu-joko bat osatuko dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. Aizpea Goenaga arituko da aurkezle. Saio berezi hau Antzoki Zaharrean izango da, apirilaren 28an, 19:00etan hasita. Bost euroko prezioa izango du sarrerak eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan erosi ahal izango da gaurtik aurrera.

Azkenik, gai-jartzailetzaren bilakaeraren inguruko mahai-ingurua egingo dute maiatzaren 2an, 19:00etan, San Telmo Museoan. Hiru belaunalditako gai-jartzaileak garaian garaiko gai-jartze moduez eta ikuspegiez arituko dira. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal izango dira solaskideak, eta Xabier Euzkitzen gidatuko du solasaldia.