Bilera telematikoak egiteko gomendioak

Bilera telematikoak egiteko gomendioak Lanerako hala lagunekin hitz egiteko diren bideo deiak bereizten dituzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilera-telematikoak-egiteko-gomendioak/@@download/image/teletrabajo-sofa.jpg
2020/03/31
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Lanerako hala lagunekin hitz egiteko diren bideo deiak bereizten dituzu?
Bilera telematikoak egiteko gomendioak

Egunak pilatuz doaz etxe barruan, eta bertan inork ikusten ez gaituenez, erraza da utzikerian erortzea. Itxura naturalagoa besarkatzeak ez du ezer txarrik, noski; dena den, psikologoek errutina minimoak ez alboratzea gomendatzen dute, gure osasun mentala mantentzeko. Ordu berean (edo antzekoan) oheratu eta esnatu, gosaldu, dutxatu, jantzi eta lanerako propio egokitutako espazioan eguneko bete beharrei ekin.

Ez da erraza; egunak pilatzen hasten diren heinean, asteko egunen nozioa galduz goaz (gaur zer da, asteartea ala osteguna? Igandea ez ote?) eta pixkanaka, utzikerian erortzen goaz. Eta bat-batean, laneko bilera telematikoa antolatu dute. Ba al dakizu nola agertu? Jarraian, bideo deiak egiteko gomendioak bildu ditugu:

NORA BEGIRATU: Bideo deiak egiten ditugunean pantailan agertu zaigun pertsonaren irudiari begiratzeko joera daukagu, baina horrek gure begiak behera eramaten ditu, eta arreta beste zerbaitetan dugula dirudi; ordenagailuko ala mugikorreko kamerari begiratu behar diogu, gure begirada zuzena izan dadin.

KONTUZ SUDURREKO ILEAK ERAKUSTEAREKIN: Kamera gure begien altuerara jarri behar dugu, bestela, gure sudurreko iletxoak eta tartean ezkutatzen ditugun altxorrak kontatzen ibiliko dira gainontzekoak.

ADI GRABATZEN DENAREKIN: Duela gutxi birala bihurtu da bileraren erdian komunera joateko ordenagailua berarekin eraman zuen emakumea; bilerako guztiek bere txiza entzun zuten zuzenean. Halakoak ekiditeko garrantzitsua da bileretarako leku aproposa aukeratzea, eta bilera utzi behar badugu, hobe kamera eta mikrofonoa itzaltzea.

ZAINDU ITXURA: Laneko bilera baduzu, saiatu laneko arroparekin agertzen; ez duzu zertan trajedun agertu noski, baina itxura profesionala ematea gomendatzen da; kaleko arropa, erosoa baina bulegora eramango zenukeena, orraztuta eta aurpegi garbiarekin. Ez da horren zaila!

AURRETIK AUKERATU FONDOA ETA ARGIZTAPENA: Kontuz bideo deiak sukaldean ala komunean egitearekin; zaindu atzean ikusten dena. Egokiena pareta bat aukeratzea da, baina liburutegi ala apal txukunen bat agertzen bada ere ondo dago. Ondo eseri, inoiz ez lurrean ala ohean, eta zaindu argiztapena. Deiaren aurretik zure burua grabatu dezakezu, ikusiko dena aztertzeko.