Bilborocken 25.urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egiten ari dira

Bilborocken 25.urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egiten ari dira Bideoklipen proiekzioak, artista gazteen topaketa, musika emanaldiak eta solasaldiak izango dira datozen egunetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilborocken-25-urteurrena-ospatzeko-hainbat-ekintza-egiten-ari-dira/@@download/image/bilborock.jpg
2022/05/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bideoklipen proiekzioak, artista gazteen topaketa, musika emanaldiak eta solasaldiak izango dira datozen egunetan.
Bilborocken 25.urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egiten ari dira

Bilborock aretoak 25 urte bete ditu eta hainbat jarduera antolatu dituzte maiatzean. Hasteko, hogeita bost pertsona, entitate edo talderi aitortza egin zitzaien Bilborock-en historiari egindako ekarpenarengatik. Tartean dira Doctor Deseo, Zea Mays, Femme, Freskure, Zinegoak, ZinemakumeakSarean eta Afrook de Betto Snay. Fito Cabralesek aipamen berezia jaso zuen. 

Aurreko asteetan banden maratoia, musika ekoizpen tailerraren gala, DJ lehiaketako irabazleen erakustaldia, eta kultura arteko moda desfilea eta musika emanaldia egin dituzte. Datozen egunetan ere izango da, ordea, zertaz gozatu.

Ostegunean, hilak 19, Bilborocketik igaro diren bandekin zerikusia duten bideoklipik onenak proiektatuko dira goizeko bederatzietatik gaueko hamar eta erdietara. Caostica kolektiboak sortutako bideoak izango dira, euren 20. urteurrena dela eta. Hitzaldia ere izango da bideo horien, bandaren eta Bilborocken historiaren inguruan. Gainera, Cherry Boppers soul-funk motako musika taldeak kontzertua eskainiko du. 

Igandean, berriz, James Rom-en kontzertua izango da, 13:00etan hasita. Etxean izeneko album berria aurkeztuko du bere banda osoarekin. Oraingo honetan, euskarazko kantak sartu ditu diskoan, eta hala, hiru hizkuntzatan egindako konposizioak ditu bere ibilbidean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Kontzertu honetarako sarrera beharko da.

Imaginautak artista gazteentzako topaketa egingo dute maiatzaren 25ean, 18:00etan, eta bertan arlo bateko eta besteko proiektuen berri eman ahal izango diote elkarri. Hurrengo egunean, ordu berean, Femme Bilbao emakume bakarlari profesional eta amateurren kontzertu-solasaldiak izango dira, emakume artisten kolektiboa agerira ekarri eta berdintasuna sustatuz ahalduntzeko xedea dutenak. Ainhoa Larrañagak aurkeztutako mahai-inguruan honako hauek parte hartuko dute: Lola Guerricaechevarria, Lorelei Green, Carla Luna, Ayvee, MIA, Alas Glow, Lua Madi eta Ines Eleuteria. Ondoren, Femme Bilbao programatik igarotako artisten emanaldiak izango dira: Lola Guerricaechebarria, Ayvee, Hakima Flissi, Carla Luna, Ainhoa Larrañaga, Berga Bittersweet, Lorelei Green, Laize MC, Herbalist eta Marta, Anekdotas, Dubos, Alas Glow, Mia, Gara Freedom, Lua Madis, Lua Laurirbara, eta Ladis.

Azkenik, maiatzaren 27an musika emanaldiak izango dira 20:00etatik 01:00etara. Doakoa izango da baina gonbidapena eskuratu beharko da online. 

Jarduera ugari
Bilborock 1997an jarri zen martxan gazteentzako kulturgune izan zedin. Orotariko ekintzak egiten dira bertan: zinema, antzerkia, dantza, moda, poesia errezitaldiak, ikus-entzunezkoak, konferentziak, edo aurkezpenak... Gainera, erakusketetarako, sormenerako, entsegurako, eta bideoak eta podcastak grabatzeko lekua ere badu.

Bilboko Udalak emandako datuen arabera, 6.500 ekitaldi baino gehiago programatu dira hogeita bost urteotan, eta milioi bat pertsona baino gehiago bertaratu dira. Guztira, 2.000 kontzertu, 1.564 antzerki-emanaldi eta 926 zinema-proiekzio egin dira.