Bilboko Zirkualde jaialdiak gaurtik larunbatera bitarte egingo ditu emanaldiak

Bilboko Zirkualde jaialdiak gaurtik larunbatera bitarte egingo ditu emanaldiak Dantza bertikalaren topaketa ere martxan dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-zirkualde-jaialdiak-gaurtik-larunbatera-bitarte-egingo-ditu-emanaldiak/@@download/image/Argazkia+MAGALIE+LANRIOT+Dantza+Bertikala+Zirkualde+2023.jpg
2023/09/21
Dantza bertikalaren topaketa ere martxan dute.
Bilboko Zirkualde jaialdiak gaurtik larunbatera bitarte egingo ditu emanaldiak

Zirkualde zirkuko arteen jaialdiaren XIV.edizioa abiatuko da gaur Errekaldeko plazan, larunbatera bitarte. Orotariko publikoari zuzendutako akrobazia, trapezio, masta txinatar, malabar, oreka eta umorezko ikuskizunen proposamenak eskainiko dituzte konpainiek.

Bost konpainia izango dira jaialdian: Euskal Herriko La Fem Fatal, La Trapecionista KIA eta Malas Compañías Zirko Taldea; Kataluniako Circ Pistolet eta Aragoiko Cía D’Click.

Gaur, La Fem Fatalen AsKe ikuskizuna izango da, 20:00etan. Bihar, ostirala, La Trapecionista KIA-k Artxipielago ikuskizuna erakutsiko du, 18:00etan, eta Circ Pistolet konpainiaren Quizás no hay final izango da ordubete geroago. 

Jaialdia larunbatean amaituko da, bi ikuskizunekin: Malas Compañías Zirko Taldearen Zirkus, eta Cía D’Clickeren Latas. Arratsaldeko seietan eta zazpietan izango dira emanaldiak.

Aurten, gainera, Dantza Bertikalaren I. Topaketa ere egiten ari dira, dantza bertikalaren eta arnes lanaren profesionalei eta erdi-profesionalei zuzenduta. Espainiako Estatuko eta Europako beste herrialdetako hogeita hamar profesional baino gehiago ari dira parte hartzen. Gainera, tailer praktikoez gain, hitzaldiak egiten ere ari dira. Gaur, 16:00etan, Zintzikil Riggingek emango du saioa, Rigging, espacio seguro para la danza vertical: legislaciones y seguros izenburupean.

Bestalde, gaur, 19:00etan, El Fango Kiroldegian, La Glo Zirko Dantzaren Ensueño eta Compagine Rêverie Danse Verticaleren Moondance  ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da.