Bilboko Zinemaldi Fantastikoan euskal laburmetrairik hoberena sarituko da

Bilboko Zinemaldi Fantastikoan euskal laburmetrairik hoberena sarituko da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-zinemaldi-fantastikoan-euskal-laburmetrairik-hoberena-sarituko-da/@@download/image/20121185085fant.jpg
2012/12/13
berria
Bilboko Zinemaldi Fantastikoan euskal laburmetrairik hoberena sarituko da
Maiatzaren 4tik 11ra bitartean egingo dute FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, eta aurten sari berri bat banatuko dute: Euskal Film Labur Hoberenaren Saria. Irabazleak 2.000 euro jasoko ditu. Film luze eta laburren kopiak aurkezteko epea martxoaren 31ra bitartekoa da.

Aurtengoa FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XVIII. edizioa izango da. Antolatzaileek bertako zine ekoizpenari eta egile berrien lanari lagundu nahi izan diote, eta horregatik euskarazko ekoizpenei sari berezi bat ematea erabaki dute.

Orain arte, film laburrei dagokienez, jaialdiko epaimahaiak hautatuko sari bat eta ikusleek emaniko beste bat banatzen ziren. Bietan 3.000 euroko balioa dute, ekoizle eta egileen artean erdibana emana. Aurten, baina, epaimahaiak Euskal Film Labur Hoberenaren FANT saria emango du lehen aldiz, eta 2.000 euro jasoko dituzte egile eta ekoizleek. Hori bai, ikusleen sariaren hautaketan FANT Laburrean saileko saioetara joandako ikusleek baino ezingo dute parte hartu.

Baina film laburretatik haratago, beste hainbat sari ere banatzen ditu epaimahaiak. Hala nola, Film Luze Hoberenaren Saria, filmaren egileari ematen zaiona, eta FANTROBIA Saria, zine fantastikoaren alorrean, azken urteetan garapen nabarmena izan duen pertsona edota erakundeari zuzendutakoa.

Azken urteko sarituak


-    I saw the devil. Kim Ji-woonen film luzea
-    Die Tür. Anno Saul zuzendariaren lanak aipamen berezia jaso zuen
-    Quedate conmigo. Zoe Berriatuaren film laburrak epaimahaiaren saria jaso zuen
-    St. Christophororus Roadkill. Gregor Erlerren lana ere saritu zuen epaimahaiak
-    Off season. Ikusleek Jonathan van Tullekenen lana aukeratu zuten
-    Oskar Santosek jaso zuen FANTROBIA Saria