Bilboko Udalak sei proiektu eszeniko bultzatzeko deialdia ireki du

Bilboko Udalak, Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, Artistak Egoitzan programaren XIV. edizioaren deialdia jarri du abian. Eremu eszenikoetan sormen edo ikerketa-prozesu bat garatu nahi duten banakako arte-erakunde edo artista guztiei laguntza eta baliabideak ematea da deialdiaren helburu nagusia.
BilbaoEszenak sei arte-proiektu aukeratuko ditu asko jota, proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzeko. Deialdi hau Euskal Herriko artista eta konpainiei zuzenduta dago eta bi laguntza mota bereizten ditu: batetik, hasierako fasean dauden proiektuentzat 2.000 euroko laguntza, eta, bestetik, garatzeko fasean daudenentzat 4.000 eurokoa. Bestetik, aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoaren arabera, gehienez ere 25 eguneko iraupena izango duten egoitzak egingo dituzte hiriko eremu eszenikoetan, ahal bada uztailean, abuztuan, irailean eta urrian.
Gainera, hautatutako pertsona edo konpainiek beren sormen-prozesuak publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute , bai Bilbao Antzerki Dantza (BAD) Jaialdiaren baitan, eta baita Bilboko Udalaren beste programa batzuen barruan ere.
Euskal konpainiek eta artistek apirilaren 4ra arte aurkez ditzateke proposamenak. Oinarriak eta bidali beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa BAD jaialdiaren web orrian kontsulta daiteke.
Emakumeen proposamenak nagusi
Azken bi edizioetan emakumeen lanek lortu zuten beka. 2020an honako hauek izan ziren bekadunak: Oihana Vesga, dantza garaikideko Leiho zikin, zeru urdin piezarekin; Benetan Be, zuzeneko musika duen Porno vs. Afrodita antzerki-lanarekin; eta Fabrica de Brujas, lau emakume artistaren Igogailua ekoizpen kolektiboarekin. Iaz, 2021ean, ondorengoak izan ziren beka eskuratu zutenak: Itziar Manero, Memoria pieza eszenikoarekin; Estudio Gheada, El mejor de los mundos proposamen eszeniko teknologikoarekin; eta Maria de Andres, Rosas to dance dantza garaikideko ikerketa-proiektuarekin.
2020an, 35 proiektu aurkeztu ziren deialdira eta horietatik 10 izan ziren euskaraz. 2021ean, berriz, 46 proposamen jaso ziren, horietatik 12 euskaraz eta beste asko elebidunak.