BILBOKO UDALAK 'SAN FRANTZISKO, BILBO ZAHARRA ETA ZABALAKO KONTAKIZUNAK' LITERATUR LEHIAKETA SORTU DU
Bilboko Udalak San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak literatur lehiaketa jarri du abian, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan bizi diren, ikasten ari diren edo bizimodua auzo horietan egiten duten gazteentzat. Auzo horietako errealitate soziala eratzen duten ikuspegiak, bizipenak eta istorioak ikusarazi nahi dira, eta baita auzo horietako kide izatearen eta horretaz harro egotearen sentimendua sustatu ere. Gainera, gazteei ahotsa ematea, auzoetako kultura-baliabideetara hurbiltzea eta gazteen, ikastetxeen, kultura-baliabideen eta tokiko merkataritzaren arteko sareak indartzea ere badute helburu.
Auzo horietako 14 eta 18 urte arteko gazteek San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala kaleetako bizimoduan oinarritutako kontakizunak idatzi beharko dituzte, euskaraz, gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzatan. Azken kasuan, jatorrizkoarekin batera, itzulpena aurkeztu beharko da. Ipuinen, kroniken, autobiografien eta egunerokoen moldeko testuak onartuko dira eta gehienez ere A4 tamainako bost orrialde idatziko dira, Arial 12 letra erabilita.
Lanak abenduaren 1era bitarte bidali beharko dira. Bilboko Udaleko kide batek, Begirune Fundazioko ordezkari batek, eta proiektuan laguntzen duten Katixa Aguirre eta Aixa de la Cruz idazleek osatuko dute epaimahaia. 8-15 kontakizun hautatuko dituzte eta, ondoren, aipatutako idazleek emandako tailer batean landuko dira, hobetzeko. Azkenik, argitaratu egingo dira Blackie Books argitaletxeak koordinatutako antologia batean. Gainera, irabazleei kontsumo-bale bana emango zaie San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako liburu-dendetan erabiltzeko, eta 20 akzesit ere emango dira.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

