Errezitaldiak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira datozen egunetan Bilboko poesia jaialdian

Errezitaldiak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira datozen egunetan Bilboko poesia jaialdian Ida Vitale, Alberto San Juan, Amaia Lasa eta Oihana Aranak parte hartuko dute, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-poesia-jaialdian-errezitaldiak-kontzertuak-eta-solasaldiak-izango-dira-datozen-egunetan/@@download/image/bilbo poesia.jpg
2022/03/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ida Vitale, Alberto San Juan, Amaia Lasa eta Oihana Aranak parte hartuko dute, besteak beste.
Errezitaldiak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira datozen egunetan Bilboko poesia jaialdian

Bilboko poesia jaialdiaren 23. edizioa martxoaren 15ean abiatu zen, Zeharkaldiak lelopean, baina hainbat ekintza izango dira hilaren 24ra arte. Errezitaldiak, poetekin topaketak edota kontzertuak bildu dituzte egitarauan.

Esperientziaren poesiaren erreferente diren Vicente Gallego, Raquel Lanseros eta Carlos Marzal poetek Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian poemak errezitatu eta elkarrekin solas egingo dute gaur. Bihar, Christina Rosenvinge kantautore hispano-daniarrak bere konposizioak eta Debut liburuaren irakurketak txandakatuko dituen emanaldia eskainiko du. 

Poesiaren Nazioarteko Egunean, hilaren 21ean hain zuzen ere,  Ida Vitale izango da protagonista. Uruguaiko poeta bere bizitzaz eta literatur ibilbideaz arituko da Bernardo Atxaga euskal idazlearekin, eta bere poemarik enblematikoenen irakurketa egingo du. Hurrengo egunean, asteartean, Alberto San Juan aktoreak Te quiero, Benedetti, (La patria y el exilio) errezitaldia eskainiko du, Fernando Egozocue gitarrista eta konpositorearekin batera. Mario Benedettiri egindako omenaldia da, baina haren poesia eta prosaren bidez, baita Latinoamerikako eta Espainiako literaturako beste ahots batzuei egindako aitortza ere. Miseria edo jazarpen politikoa gainditzeko beren lurretik, ozeanoaren bi aldeetan, erbesteratu behar izan zuten pertsonak ere gogoan dituzte.

Loraldia jaialdiarekin elkarlanean, Belar Ostoak: Walt Whitman emanaldia antolatu dute asteazkenerako. Amaia Lasa, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Dani Venegas, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolak hartuko dute parte. Musika eta poesia gurutzatuko dituzte, 1978an argitaratu zen Txomin Artolaren Belar Hostoak diskoa abiapuntutzat hartuta.

Azkenik, hilaren 24an, gaur egungo poeta gazteak igoko dira oholtzara. Paula Antia Rey, Oihana Arana, Rosa Berbel, Carlos Catena Cozar eta Mario Obrerok beren poemak errezitatuko dituzte Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.