Bilboko poesia jaialdia martxoaren 14tik 23ra izango da
Bakardadea izango da hogeita laugarren edizioaren gai nagusia: erbesteratuak, errefuxiatuak, doluak, gerren bakardadea, eta baita bilatu eta desiratutako bakardadea ere.
Martxoaren 14an, Nikaraguan jaiotako Gioconda Belli poeta nobelistak Furiosamente Piel errezitaldia egingo du, eta bere poesian eta bizitzan barrena ibiliko da bere poemen bidez. Hurrengo egunean, Blas de Oteroren omenezko kontzertua izango da. Seroie Taldearen emanaldi honetarako berariaz sortutako zuzenekoa eskainiko du.
Ostegunean, hilak 16, Fabricación de la Soledad izenburupean, Felipe Benitez Reyesek, Juan Antonio Gonzalez Iglesiasek, eta Aurora Luquek, olerkiak egiten eta pizten duen bakarkadeaz hausnartuko dute poemekin. Biharamunean, hilak 17, Abdul Hadi Sadoun irakiarrak, Sergio Garcia Zamora kubatarrak, Roger Wolfe ingeles jatorrikoak eta Beatriz Chivite nafarrak euren poemak errezitatuko dituzte beren esperientzietatik.

Asteburuan, berriz, El Jose taldearen kontzertua, hilaren 18an, eta Federico García Lorcari egindako omenaldia, hilaren 19an, izango dira. Itziar Lazkano eta Felipe Lozak gogoratuko dute Granako poeta, Iñaki Marurik pianoan lagunduta.
Loraldiarekin egindako elkarlanari esker, martxoaren 20an, Castillo Suarez eta Juantxo Zeberio arituko dira. Idazleeak letrak jarriko dizkie eta Zeberiok musika jarriko die Alaska izeneko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko diren poema eta doinuei.

Martxoaren 21a Poesiaren Munduko Eguna izaten da eta Raul Zurita txiletarrak Ni pena ni miedo errezitaldia egingo du. Ramon Andres poeta eta saiakeragilea izango da aurkezlea. Hilaren 22an, berriz, Yolanda Castaño, Rosa Berbel eta Juanra Madariaga Sevilla poetak arituko dira.
Azkenik, martxoaren 23an, Defreds eta Redryren poesia errealista eta urbanoaren txanda izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "beren testu emozional eta intimistak hurbilduko dituzte jendetzaren bakardadearen aurkako antidoto gisa".
Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian egingo dituzte ekintzak eta hitzordu batzuetarako gonbidapenak eskuratu beharko dira, kulturabilbao.web.app webgunean. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira, El Joseren kontzertua izan ezik, Bidebarrieta Kulturguneko YouTubeko kanalean.
