Bilboko Kafe Antzokiak 25 urte bete ditu

Bilboko Kafe Antzokiak 25 urte bete ditu “Horrela ikusten dugu etorkizuna: emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”. Jarrera horrekin ziur beste 25 urte errez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-kafe-antzokiak-25-urte-bete-ditu-1/@@download/image/kafeantzokia25urte.jpg
2020/12/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

“Horrela ikusten dugu etorkizuna: emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”. Jarrera horrekin ziur beste 25 urte errez.
Bilboko Kafe Antzokiak 25 urte bete ditu

Pasa den abenduaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian 25 urte bete zituen, pandemiaren erdian. Hori dela eta, lagunarte jendetsuan ospatu gabe geratu da antzoki mitikoa: “edonola ere 25+1 urteurrena merezi duen moduan ospatuko dugu eta mundiala izango da” adierazi dute bertako kideek webgunean zabaldu duten oharrean. 

Zinema izandako aretoan Bilboko Kafe Antzokiak 1995. urtean ireki zituen ateak, erabat zahar berritu ostean. Euskararen irakaskuntzan zebiltzan batzuen gogoetatik abiatu zen proiektuak. Izan ere, Bilbon ikasleek ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukera falta nabaritu zuten eta horrek zailtasunak jartzen zizkiela ikasketa prozesuan aurrera egiteko, euskara aisialdira eramanez. Nekez sortu zitezkeen horrela harreman naturalik euskaratik. 

Horrela, Bilbon sakabanatuak zeuden euskaldunak biltzea izan zen helburua, hizkuntza komunitate bat sortuz. Asmo horrekin abiatu zen bada Kafe Antzokia, beti ere, ostalaritza proiektu batek lagunduta. Egun, Kafe Antzokia bertako zein Euskal Herri osoko euskaldunentzat erreferentzia bilakatu da; eta baita musikazale gehienontzat ere, izan euskaldun ala ez. 

Urtemuga dela eta Kafe Antzokiko kideak atzera begira jarri dira eta urte guzti hauek posible egin dituzten guztoal gogoan izan dituzte oharrean: “teknikari, zerbitzari, programatzaile, sukaldari, zaindari, DJ, garbitzaile, bulegari; bai eta Antzokitik pasa, tragoxka hartu, bazkaldu, kontzertua entzun, hitzaldira etorri, goizeko ordu txikietara arte dantzatu, artista, lagun, bidaide guztiak; eta bereziki euskarak eta kulturak Kafe Antzokia bezalako espazioak behar zituela ikusteko argitasuna eta iragarmena izan zutenak. Bakoitzarik eman nahi diogun besarkada, agurra, eskerra… lerro hauetan doakio”. 

Pandemiak eragindako egoerak “inoiz baino argiago erakutsi digu, eskutik helduta soka berean dantzatzeak, hartu-emanak, egiten gaituela “Gu”. Gu izate hori aldi oro lotu eta ospatzeko plaza gara. Bertan batu gara lagunekin, maiteekin goxo dantzatu, begiak liluratu, hunkitu, asaldatu, haserretu, adiskidetu, kaosa eta ordena… bizitza… Horrela ikusten dugu etorkizuna, emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”.

Bitartean, Kafe Antzokiak 25 urte egitasmoa aurkeztu dute. Bideo sorta honetan, bertatik igarotako artista esanguratsuak ageri dira, zuzeneko emanaldien zertzeladak, bai eta artisten beraien zein Kafe Antzokiko lagunen eta ikusleen testigantzak, azken finean lagun artean egindako saio bat dela azaldu dute bertako kideek. Hauen bitartez, ekitaldi ugariren oroimena eta artisten iritziak, esperientziak edo emanaldiari eta ibilbideari lotutako momentu esanguratsuak agertuko dira, kontzertuak, dantza, idazleak, 25 guztira. Zorionak eta urte askotarako!