Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak 'Pantailak Euskaraz' ekimena sarituko du

Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak 'Pantailak Euskaraz' ekimena sarituko du Abuztuaren 25ean izango da sari-emate ekitaldia, Aste Nagusiko Euskal Gunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-hau-pittu-hau-konpartsak-pantailak-euskaraz-ekimena-sarituko-du/@@download/image/pantailak euskaraz albiste.png
2022/08/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abuztuaren 25ean izango da sari-emate ekitaldia, Aste Nagusiko Euskal Gunean.
Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak 'Pantailak Euskaraz' ekimena sarituko du

Herri eta hirietako jaiak berreskuratu ditugunez,  Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria banatuko du Bilboko Aste Nagusiaren barruan. Euskara Sariaren bidez, Hau Pittu Hau konpartsak hainbat lagun eta elkartek euskaran alde egiten duten lana txalotu eta hauspotu nahi izaten du, jai giroan ere euskararen aldeko aldarrikapenari eutsiz.

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen leku urriagatik arduratutako hainbat lagun eta eragilek sortu zuten iaz Pantailak Euskaraz mugimendua. Hau Pittu Hau Konpartsak Pantailak Euskaraz ekimenaren kezkekin bat egiten duela azaldu du, eta “erakunde publikoen utzikeria eta borondate falta” salatu du. "Estrategia eraginkor bat sortzeko" deia egin dute, "euskara hutsean eta Euskal Herri osorako". Euskarazko eskaintza handitzeko premia nabarmendu du konpartsak, euskarazko produkzioak indartuz eta bikoizketa zabalduz. 

Abuztuaren 25ean emango diote saria mugimenduko ordezkariei. Sari banaketa ekitaldia 17:00etan hasiko da, Euskal Gunean, konpartsak txosna izaten duen tokian.

Hau Pittu Hau Konpartsak 2003tik ematen du Euskara Saria. Aurreko urteetako saridunak, besteak beste, Seaska ikastola, Fermin Muguruza, Uriola komunikabidea, Berbalagun egitaskoa, UEMA, medikuntzako ikasleak eta Hamaika Telebista izan dira.