Bilboko Euskararen Etxeko 'Euskal Alien Nazioa' ihes-gela berritu dute
Bilboko Euskararen Etxean dagoen Euskal Alien Nazioa ihes-gela berritu dute eta hartaz gozatzeko aukera izango da aste honetatik aurrera. 2021ean sortutako ihes-gela honetan parte-hartzaileek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa argitu beharko dute aretotik ateratzeko.
Hauxe da abiapuntua: “2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko mirespenak itsututa. Beraien espazio-ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura eraman…”.
Jolasaren muina espazio horretatik ihes egiteko modua aurkitzea da. Talde lana du oinarri, eta ihes gelatik irten ahal izateko guztien artean zenbait jolas eta asmakizun burutu beharko dira denbora mugatuan.

Gaurtik aurrera egin daitezke erreserbak. Bi lagun behar dira gutxienez eta sei gehienez, 15 urtetik aurrerakoak. Talde handietan joatea gomendatzen dute eta gutxienez adin nagusiko bat egon behar da. Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldetan egongo da martxan, 17:30ean. Parte-hartzaileei hamar minutu lehenago bertaratzeko eskaera egiten diete. Ordubeteko iraupena du jarduerak.
